GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUk aurtengo ekitaldirako 40 ikastaro antolatuta ospatuko du sortu zeneko 40. urteurrena

GARA | IRUÑEA

«40 urte beteko dituzte aurten UEUren udako ikastaroek. Ez da gutxi; lau hamarkada euskara eta unibertsitatearen alde lanean. UEUk denbora tarte horretan egindako ekarpena handia izan da: euskara unibertsitate esparruan landu zitekeen apustua, euskarazko hiztegi teknikoaren definizioa, euskal komunitate zientifikoarentzat bilgune izatea, proiektu berritzaileak martxan jartzeko gaitasuna, unibertsitate-mailako testugintzan eta formazioan egiten duen lan erreferentziazkoa eta, noski, Euskal Unibertsitatearen aldarria», nabarmendu zuen atzo Iruñean UEUko zuzendari Karmele Artetxek.

«40. urteurrena ospatzeko aurten 40 ikastaro antolatu ditugu, azken urteetako kopururik handiena. Guretzat erronka handia izan da, krisi garai honetan, kopuru hau antolatzea betiko kalitateari eutsiz, baina gure bazkide eta gertukoek erakutsi duten babesa izugarria izan da. Beraiei esker aurkezten dugu aurtengo eskaintza oparoa. Orain, matrikula kopurua azken urteotako handiena izatea geratzen da», esan zuen UEUko udako ikastaroetako arduradun Irati Iciarrek.

Ikastaro horietatik 22 Eibarren (UEUren ikastetxe nagusian) egingo dira, zortzi Baionan (IUT unibertsitatean) eta hamar Iruñean (Jaso ikastolan). Iciarrek adierazi duen moduan: «Sei jakintza arlotan banatuta egongo dira: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientziak eta gizarte zientziak eta azken hau izango da jakintza nagusia».

Iciarren esanetan, aurten hiru formatutako ikastaroak egongo dira: espezializatuak (aurretik jakintza maila bat eskatzen dutenak), dibulgaziokoak (interes orokorrekoak eta jakintza maila zehatzik behar ez dutenak) eta garapen pertsonalekoak. Ikasleek, langabeek eta erretiratuek beherapenak izango dituzte matrikuletan eta hainbat erakundek diru laguntzak emango dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo