«Biluzian» jotzeko erronka jarri die Musikazuzenean atariak taldera ohituta dauden musikariei
Maiatzaren 27an ospatuko du Musikazuzenean.com Interneteko atariak bigarren jaialdi akustikoa. Andoaingo Basteron, Gorka Urbizu, Imanol Ubeda, Zaloa Urain eta Xabi Solano izango dira, besteak beste.
A. ARRUTI | BILBO
Elorrion izan zen iaz lehenengoa eta aurten Andoaingo Bastero aretoan egingo du Musikazuzenean atariak bigarren jaialdi akustikoa. Egitasmoa bultzatu eta sostengatzeko ekimena da honakoa, musikari ezberdinak bilduz ataria ezagutarazteko helburuz. Edizio honetarako «zerbait berezia» prestatu nahi izan dute. «Euskal Herriko musika eszenako zenbait musikariri erronka berezi bat proposatu diegu. Horrela, ohikoan musika talde baten laguntzaz aritzen diren musikariak biluziko ditugu, milaka watt eta agertoki handietatik atera, antzoki eder baten goxotasunean musika biluziaz gozatzeko», azaldu zuten antolatzaileek.
Kantu propioak eta bertsioak jotzeaz gain, jaialdi honetarako apropos sortutako abestiak ere izango direla jakinarazi zuten atariko ordezkariek eta, horretarako, «musikari beteranoak eta bidea egiten ari diren musikariak batuko ditugu emanaldi honetan, Euskal Herriko musika eszenaren adierazpen ezberdinak irudikatuz».
Batzuk euren betiko taldearekin taularatuko dira eta beste zenbait bakarka ikusiko ditugu. Bi ordu inguruko emanaldia osatzeko honako musikariak bilduko dira: Koldo Soret, Zaloa Urain, Joseba Baleztena, Ain 1, Gorka Urbizu, Okene Abrego & Mariano Hurtado, Igor Arzuaga & Luis Vil, Gaizka Insunza, Xabi Solano & DZ, La Jodedera, Imanol Ubeda eta Toño Muro.
2010eko urrian abiatu zen Musikazuzenean ataria eta pixkanaka atal ezberdinak batzen joan da webgunea. Denbora honetan 7.000 ekitalditik gora iragarri dituzte eta, gainera, argazki galeria, bideoak edo kronikak ere egiten dituzte.
Arratsaldeko zazpietan hasiko da jaialdia eta sarrerak 10 euroan salduko dira aurrez eta 12 euroan bertan. Musikazuzenean-en lagunek doakoa izango dute sarrera.