Euskal musikaren kontra
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
G ernikako piperrak, Idiazabalgo gazta, Arabako Errioxako ardoa, agian,... baina ez dut uste labelak mesede asko egiten dionik musikari. Adibide grafikoa jartzearren, disko dendetan, halakorik bazegoenean, euskal rockaren kaxoian La Pollaren diskoak topatzen genituen, baina ez, ordea, Duncan Dhurenak. Hauenak «rock nacional» edo hoberenera «rock estatal» izeneko sailean topatu behar genituen. Harrigarria, ze arau jarraitzen ditu halako bihurgune kuriosoak egiten dituen labelak? Eta barkatu, baina Mikel Erentxunek Evaristok baino gehiago abestu du euskaraz. To euskal musika! Kolonialismo garaiko labelak direla esango nuke. Kanpokoek jarritakoak. Misiolariak kategoria bat jartzen dio deskubritu berri duenari, identifikatu eta sailkatu beharra dauka, «ezagunaren» munduaren ikuspegira ekarri «ezezagunarena», azkar, arin, gehiegi sakondu gabe, balio gehiegi aitortzeko arriskua baitago bestela. Beste adibide bat, tabernako DJari euskal musika eskatzen dio gazte batek. Ze euskal musika, galdetzen dio DJak. Giroa begiratu eta hiru segundoz hausnartu ondoren, Barricada eskatzen du gazteak. Biak ziren eskualdun zintzoak ustetan...
Eta label batek, bere beste oinarrizko funtzioa ez duenean betetzen, ez duenean saltzen? Orduan zer? Oso erraza, kaxoia desagertu egiten da dendatik, mundutik, barruan duen eduki nahasiarekin. Orduan betetzen du labelak bere hirugarren lana; anikilazioa. Hirugarren adibidea, mingarriena agian, zer pisu dauka euskal musikak, haren historiak, haren lekukotasunak, ze itzal daukate haren protagonistek ikastolen curriculumean? To euskal musika!
Bai, bai eta bai, euskal musikaren kontra nago!