Julen MURGOITIO
Aspertzeko betarik ez!
Antxoaren sindromean nago. Kanpaina berri baten usainean edo. Hautes- kundeak atean. Arrantzaldia hasia da, noiz edo noiz amaitua bazen, behinik behin; kaietako postontziak lekuko. Boto-aparailuak gertu, zer gertatuko zain egon gabe. Era guztietako aparailuak. Batzuek banan-banan nahiago, atez ate; beste batzuek sareak hedatuta nahiago, izkinako ontzira zuzen, jada usoak joanak badira ere. Haiek aleak hartu eta berriz sorlekura bueltatu, erreziklatuta, eragile aktibo segitu dezaten. Hauek aleak lataratzea helburu, merkatuari konfiantza ematearren. Batzuk alturan ibiliko dira, gaurko egoerak eskatu mailan hain zuzen ere. Beste batzuk baxuran, itxura egiten. Batzuk arrantzan, arrantzaka besteak. Batzuk berezko bultzadaz mugituko, beste batzuk atoian eramanda, geldi antzera. Ama, ama! kanpaina berri baten zama!. Dagoeneko hainbat maizterri amaitu egin zaio bere garaian jasotako mailegua. Agur Ben-Hur!. Gauzak horrela, etxeaz desjabetua izateko arrisku bizian dago, orain arteko zaintza partekatuak berea egin eta gero. Ez da pankarta asko espero etxearen atarian desjabetze egunean; argazkilari batzuk baino ez, seguru asko, notarioarekin batera. Eta kanpoan hotz egiten du, hozkirri sikiera, politikaren planetan beroketa globala izan arren. Baina maizterrak oraindik maizter dirau, edo, bere buruari esan gurarik: hotzak erakutsi!. Ene, ene, kanpainan berriz ere!.
Hauxe kolpea! hirugarren eta laugarren postuen arteko borroka bizia da zaintza partekatuan ibili diren horien artekoa. Bat podiumeko mailarik txikienean geratuko da, handik kanpo bestea. Euskal selekzioen alde bere osotasunean serio egin ez izanaren ondorio. Txandalak ez du kirolaria egiten, izerdiak ere ez. Sarri txandala publizitaterako euskarria besterik ez da. Eta izerdia transgenikoa. Tira, harira! lasterketa hasia da, eta hauxe kolpea ere! zirkuitu argirik ez da oraingoan, nork bere bidea egin beharko urratsez pauso. Ongizate-estatua izango da ahotik ahora. Baina ezin da ganorazko ongizate-estatua mantendu Estatua ez bazara, gaur gaurkoz sikiera!. Jakina, Estatua izanda ere ezin da ganorazko ongizate-estatua mantendu ongi izatearen esparrua argitu gabe. Eta ezin hori modu jasangarrian argitu energia berriztagarriak eskura izan gabe. Ama, ama! zenbat gauza diren jomugan hauteskunde berrietan!. Aspertzeko betarik ez!.