GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Arana Eiguren Ingurumen eragilea

Tokiko karbono eta energia iraunkorraren alde

Tokiko elikaduraren alde lantzen ari diren alternatibak badira Euskal Herrian: agroekologia, salmenta zuzena eta tokiko merkatu eta kontsumo taldeak...

Karbonoaren aurkako gurutzada jada bada gurean. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko zurrunbiloan, karbonoa, bereizketarik gabe, etsai bihurtu da. Era berean, karbono bonuen bidez, merkantilizazio eta espekulazio bitarteko, ezusteko protagonista da. Etsai eta protagonista, alegia. Diskurtsoa erraztu nahian, CO2-a (ezabatzea) ipini da gure erronken erdian, negutegi efektua eragiten duten beste gas guztiak ezkutatu direlarik. Jada ez da bereizten iturri ez berriztagarrietatik eratorriak diren erregaiak (gasa, ikatza eta petrolioa), edo era sostengagarrian gurean sor daitezkeenen artean. Eta gure jardueren eta ekonomiaren erabateko deskarbonizazioa eskatzen da, bolanta sareak erabiltzen ari baikinen.

Baina karbonoa ez da etsaia, biziaren adreilua baino. Izadi bizian, urarekin batera, funtsezko osagaia da. Hala ere, publikoari helarazten zaizkion mezuetan karbonoa istorio honen gaizkile epaitua eta kondenatua da. Testuinguru honetan, energia nuklearraren interesek uranioaren aldeko bozgorailuak erabiltzen dituzte.

Gure mahaietan, zein da elikagaien alternatiba? Filmetan ikusten ditugun pilula sintetikoak, bitaminaz gainezka eta osagai nutrizionalak erruz eskaintzen dituztenak? Hori bai, zero karbonodunak. Bestalde, natura kaltetzeari edo tokiko gizarteak pobretzeari loturiko elikadura eredua ere ez da desiragarria. Aukera zentzuduna, ordea, tokiko elikaduraren alde apustu argi eta zabala egitea da. Baina ez estetikoa, estrategikoa baino. Landa munduak, ingurumenak, tokiko ekonomiak eta gure osasunak eta planetarenak eskertuko dute. Aukera hau lantzen ari diren alternatibak badira Euskal Herrian: agroekologia, salmenta zuzena eta tokiko merkatu eta kontsumo taldeak dira, besteak beste, horien oinarria. Gurean ekoizten ez diren elikagaiak, merkataritza solidarioan aritzen diren eragile eta sareen bidez eskuratzen dira, jatorrizko jendartea eta ingurumena zaintzen direla bermatuta baitago.

Basogintzan naturaren kontserbazioa nagusituko da. Ustiapenetan baso sistemen zerbitzuak eta ekoizpen iraunkorra gailenduko dira. Gure esparru geografikoan sortu eta ase behar dira gizarteak dituen beharrizanak. Karbonoari bizitza-ziklo luzea emango diogu basoan bertan eta materialetan. Hartara, basoaren izaera berria Ekosistemen Zerbitzuen paradigmaren barnean definitu genezake, baso autoktonoen ohiko kudeaketa profesional bideragarria, Bertoko Basoa eta Lurralde Zaintza gisako planteamenduei so eginez.

Energiara bueltatuta, kanpoko baliabideekiko mendekotasuna ia osoa da. Horregatik hiru ideia oso barneratuta izan beharko ditugu. Lehendabizi, aurreztu egin behar dugu, planteamendu oso sakon eta serioa eginez. Alferrik galtzea, xahutzea eta luxua bukatutzat eman behar ditugu. Eta oraindik krisi energetiko larria argi sumatzen ez badugu ere, energiaren «tragedia grekoa» gurean izango da uste baino lehen. Karbonoaren aztarna ekologiko zabala, petrolioaren gailurra edo baliabide energetikoen eskuratze militarra dira horren seinale ekologikoak eta geopolitikoak; gurean, patriketan nabaritzen dugun gas eta gasolinaren prezio altua, hots, erregai ez berriztagarrien garestitzea. Bigarren ideiari helduta, argi izan behar dugu ez garena zentral nuklearren planteamenduetara itzuliko (jatorri nuklearreko elektrizitatea inportatzen dugun heinean, zeharka loturik gauden arren). Azkenik, tokiko baliabide berriztagarriak modu sostengagarrian erabiltzea adostu beharko da. Energia-iturri guztiek eragina dute ingurumenean. Hala ere, natura ahalik eta gutxien kaltetzen dutenen eta ekonomian eta enpleguan ondorio onak izango dituztenen aldeko hautua da bidea.

Euskal Ekosistemaren eszenatokian, bio- eta geo-gaitasuna landu behar dira, auto-askitasuneranzko bidean. Etorkizuna, iraunkorra baldin bada, naturari eta karbonoari loturik izango da, uraren, lurraren, elikaduraren eta energiaren subiranotasunari atxikita eta gizartearen zerbitzura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo