GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lakuaren eta Kutxabanken akordioa eta hipoteka ordaindu ezin dutenen errealitate latza

Kutxabankek eta Gasteizko Gobernuak hipoteka ordaindu ezin dutenei laguntzeko akordioa aurkeztu zuten atzo, aurrezki erakundeak bat egin baitu plan horrekin. Hartara, bitartekaritza zerbitzuak likidazio proposamena aurkezteko hilabeteko epea izango du eta aldi horretan Kutxabankek ez du auzitara joko etxe kaleratzerik eskatzeko. Halaber, Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek iragarri zuen aurki beren maileguei erantzun ezin dietenentzako irtenbideak bilatzeko plan bat aurkeztuko duela. Hala ere, eguneroko errealitate gordina ikusita, propaganda baino zerbait gehiago beharko da hainbat egoera latzi benetan aurre egiteko asmorik badago. Atzo bertan Irunen gazte bat etxetik kaleratzeko arriskuan zegoen; hiru urteko langabezia egoera jasan ondoren lana aurkitu eta Kutxabankekin negoziatzeko prest zegoen, baina aurrezki erakundeak uko egin zion aukera horri. Orain, atzo iragarritako akordioaren ondoren, Irungo gazte horren egoerari -eta gizarte errealitate deitoragarria osatzen duten beste kasu askori- irtenbide duina aurkitzeko aukera dago. Egon beharko luke. Eta Kutxabankek ere badu bere asmoa benetakoa dela erakusteko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo