Maider Eizmendi Kazetaria
Biluzik
Zenbat maite nituen galdetzen zidaten bakoitzean eskuak zabal-zabal eginda erakusten nizkien behin eta berriz; orduan niretzat hamar asko zen eta zabalduaren zabalduaz errepikapen batzu-batzuk egiten nizkien... Puff ikaragarri! Sarritan errepikatzen genuen keinua, ni ez nintzen hori egiteaz aspertzen eta nire gurasoei, berriz, nire okurrentziak, antza, grazia egiten zien. Aitonak ez zidan galdetu ere egiten, edozein lekutara joan behar genuela ere eskutik nola heltzen nion ikustea, nonbait, nahikoa seinale zen harentzat. Amonak ia igandero prestatzen zidan babarrun eltzearekin esaten zidan zenbat maite ninduen; eta nik hura zabaldu eta sortzen zitzaidan irribarrearekin ematen nizkion eskerrik zintzoenak. Hala ere, noizean behin esan egiten nien, egindako keinuak nahiko izango ez zituztela pentsatzen nuelako edo.
Orain gehiago kostatzen zait inori zenbat estimatzen dudan esatea eta ingurukoei ere halako zerbait gertatzen zaiela iritzita nago. Sentimenduez aritzean eztarrian halako korapilo bat sortu ohi dela uste dut, haiek agertze hutsak bestearen aurrean biluztu eta ahulago egingo bagintu bezala.
Aurrekoan bi haur entzun nituen kontu-kontari bata bestearen lagun kuttuna zela esan eta esan eta horretarako zituzten arrazoiak azalduaz, gainera. Ez ziren besterik gabe lagun-minak, horretarako arrazoiak zituzten, eta horiek ere aitortu zizkioten elkarri, behar zituzten adjektiboak erreparorik gabe erabilita. Haiek ere nolabait biluztu ziren elkarren aurrean, baina ez zitzaien inporta, oraindik ere ezkutatzearen garrantziaz ohartu gabe zeudela bistakoa zen. Seguruenik euren lagunei bezalatsu, euren gurasoei ere esaten diete zenbat maite dituzten, horretarako pisu handiko arrazoirik behar izan gabe, baita gainerako senideei ere; erraz, eztarrian korapilorik sentitu gabe.
Baina inork irakatsiko die bi haur horiei sentimenduak une zehatz-zehatzetan baino ez direla agertu behar, maite edo estimatzen zaitut esateko tartea eskasa dela; hori esateko beharrik ez duela, ez eta inork estimatzen zaituela entzutekoa ere. Ikasiko dute eta gogoratuko dira haurretan zeren hizketaldi ederrak zituzten eta zeinen ondo sentitzen ziren gorputz eta buru-gogoak biluztuta, aske-aske.