Plantoun auzo ekologikoko etxejabe batek salaketa penala jarri du, eraikuntzan iruzurra izan delakoan
GARA | BAIONA
Santa Gurutze auzo azpian duela hiru urte inauguratu zituzten Hameau de Plantouneko egurrezko etxeetako jabe batek salaketa penala jarri zuen, joan den maiatzaren 16an, Baionako auzitegian.
Era horretan, Bruno Gimondek bere «haserrea» azaldu nahi izan du, etxe ekologiko eredugarriak izan behar zuten horien inguruan sortutako kalapitengatik. Izan ere, etxe horiek gorabehera handiak izan dituzte hasieratik, eta adituek egindako txostenek -baita epaitegiak berak agindutakoak ere- argi utzi dute eraikuntzan sekulako akatsak eta material gabeziak izan direla.
Are, berrikitan Jean Grenet Baionako auzapezak berak publikoki adierazi du auzo osoa erabat eraitsi behar dela. Proiektuaren sustatzailea OPHB etxebizitza sozialak eraiki eta kudeatzen dituen udal erakundea izan zen.
Hogeita hemeretzi etxe horien jabeei hainbat alternatiba proposatzen ari dira. Horien artean, bertan eraikuntza tradizionaleko beste etxe batzuk egitea, beste leku batean eraikitzea edota kalte-ordainak ematea.
Erantzukizun zibila argi agertzen bada ere, Gimondek uste du «iruzurra» izan dela tartean. «Proiektuan zehaztuta zeuden materialak beste batzuengatik ordezkatu ziren, merkeagoak eta kalitate apalagokoak zirenak. Eta hortik etorri da deskalabru hau», esan du Alexandre Novion haren abokatuak.
Bidegabeko erabilera?
Batez beste, etxejabe bakoitzak 200.000 euro jarri zuen, orotara 6,6 milioi euroko kostua izango zuen proiekturako. ACBA hiri-aglomerazioaren eta Anru hiri-eraberritze agentzien diru-laguntza jaso zuen egitasmoak. Alta, salaketak dioenez, «diru hori guztia Plantouneko etxeetara ez zela bideratu susmoa dute bertako biztanleek». «Bidegabeko erabilera» izan den usaina hartzen diote, eta hortaz, ikerketa penala egitea espero dute.
Beste bost bat etxejabek ere Gimonden bide bera hartuko dute datozen egunetan.
Grenetek esan du «irtenbide egokienak bilatzen eta akordio batera iristeko lanean» segitzen dutela. Prozedura penalari ekin diotenak «ezer entzun nahi ez duten gutxi batzuk» besterik ez direla gaineratu du.