Berrogei hautagai, Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan
Abiatu da ofizialki Asanblea Nazionaleko bozetarako kanpaina. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleek hiru hauteskunde barrutietan aurkeztu diren 40 hautagaien artean hautatzeko aukera izango dute ekainaren 10ean, bozen lehen itzulian. Hautagai abertzaleak ere presente egongo dira: EHBai hiru barrutietan, PNB bi barrutitan eta EA Europe Ecologie-Berdeekin osatutako Amalur koalizioan.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Asanblea Nazionaleko diputatuak hautatzeko bozen kanpaina atzo hasi zen ofizialki. Lehen itzulia ekainaren 10ean izango da, eta bigarrena, berriz, hurrengo igandean, ekainaren 17an.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleek Pirinio Atlantikoetako 4, 5 eta 6. hauteskunde barrutietan bozkatuko dute. Guztira 40 hautagai -bakoitza bere ordezkoarekin- aurkeztu dira, 2007ko hauteskundeetan baino hiru gehiago.
Laugarren barrutian, Bearnoko kantonamendu batzuekin partekatuan, hamahiru hautagai izango dituzte aukeran. Jean Lassalle egungo diputatu zentristak berriro aurkeztu du bere burua. Bere eserlekua eskuratzen saiatuko direnen artean aukera gehien dutenak UMPko Marc Oxibar edo PSko Frantxua Maitia lirateke. 2007ko bigarren itzulian, hiru hautagai aurkeztu zireneko barruti bakanetakoa izan zen.
Bosgarrenean ere (Angelu, Baiona, Hiriburu, Bidaxune eta Bastidako kantonamenduak biltzen dituena) gaur diputatu dena, Jean Grenet Baionako auzapeza, aurkeztu da. Colette Capdevielle PSko hautagaia izango da haren aurkari nagusia, batez ere, berriki izandako presidentetzarako bozetan sozialistek babes handia jaso dutelako.
MAM berriro?
Biarritzetik Hendaiarainoko kostaldeko kantonamenduak eta horien ekialdean dauden Uztaritze eta Ezpeletakoak hamabi hautagai dituzte. Hor ere 1986tik diputatu denak, UMPko Michele Alliot-Mariek, kargua berritzeko asmoa du. Duela bost urte lehian izan zuen hautagai bera jarri du PSk, Sylviane Alaux Akitaniako kontseilaria. Marie Contraires zentristak itzal pixka bat egingo dio egungo diputatuari, baina eskuineko beste batzuek ere bai, Jean-François Zunzarrenek, esaterako.
Eskuin muturreko FNk hautagaiak aurkeztu ditu hiru barrutietan, ezkerreko Front de Gauchek, NPAk eta LOk bezalaxe.
Europe Ecologie-Berdeak alderdiko Alice Leiziagezahar, Marie-Ange Thebaud eta Philippe Etcheverry ez dira izango hautagai ekologista bakarrak. Izan ere, Aliantza Ekologista Independenteak hautagai bana aurkeztu du hiru barrutietan, eta laugarrenean bada beste bat, Eric Petetin, ekologista-bakezale eta «hazkuntza-objektore» gisan aurkezten dena.
Abertzaleak
Ezkerreko abertzaleek EHBai koalizioan aurkeztu dituzte hautagaiak. 4. barrutian Anita Lopepe, 5.enean Laurence Hardouin eta 6.enean Peio Etcheverry-Ainchart. EHBai duela bost urte izandako legebiltzarreko bozetan sortu zen. Orduan, EAk ere koalizioarekin bat egin zuen, baina oraingoan, Europe Ecologie-Berdeekin osatutako Amalur koalizioan aurkeztea erabaki du. 2007an, EHBaiko hautagaiek 10.781 boz lortu zituzten.
EAJ-PNBk bi barrutitan jarri ditu hautagaiak. Pako Arizmendi laugarrenean eta Jean Telletxea seigarrenean. Aurreko bozetan ez zuen hautagairik aurkeztu azken barruti horretan, baina MoDemekoa bozkatzera deitu zuen.
Boz hauetan ere bada ezohiko hautagairik. Adibidez, 6. barrutiko Michel Lamarque edozein alderditatik erabat independente gisa aurkezten dena, edota Sophie Hautenauve, barruti berean, duela 12 urte Suedian sortutako Parti Piraten siglak daramana. Pertsona guztiek kultura, jakintza eta informaziora sarbidea izateko eskubidea eta autore eskubideen defentsa egiten du.
Bosgarren barrutian, berriz, Stephane Bernard EBR-T mugimenduko hautagaia dago aukera berezien artean. Mugimendu horrek planeta guztian moneta sistema ezabatu eta baliabideetan oinarritutako ekonomia eredua aldarrikatzen du.
Legebiltzarreko bozetan ere bi itzuli egiten dira. Hautagairen batek gehiengo osoa lortuko balu lehenengoan, diputatu aulkia bereganatuko luke. Hauteskunde erroldako %12,5 gainditu duena soilik aurkezten ahal da bigarren itzulira.
Ipar Euskal Herrian aurkezten diren 40 hautagaietatik, 19 emakumeak dira. Boz hauetarako, hauteskunde legeak ez du paritatea exijitzen, hau da, hautagai bakoitzak duen ordezkoak ez du zertan beste sexukoa izan.