GARA > Idatzia > Kultura

Sei hizkuntzatan idatzitako poema sortaz dago osatuta EHUren Poesiaren Bidea

Zabalik dago EHUren Bizkaiko campusean Poesiaren Bidea, poesia unibertsalaren ibilbidea jorratzen duen pasealekua. Campuseko espaloietan poema sorta baten inskripzioak dituzten 40 harlauzez osatu dute.

p041_f02_96x96.jpg

GARA | BILBO

Atzo eguerdian zabaldu zuten EHUren Leioa-Erandioko campusean Poesiaren Bidea, poesia unibertsalaren ibilbidea jorratzen duen pasealekua. Leioa-Erandio campuseko espaloietan barreiatuta, poemak idatzita dituzten berrogei harlauzek osatzen dute, eta hain zuzen, hainbat hizkuntzatan idatzitako olerkiak irakur daitezke horietan -euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galizieraz, frantsesez eta ingelesez-, besteak beste, Lauaxeta, Antonio Machado, Salvador Espriu, Rosalia de Castro, Arthur Rimbaud eta Lord Byron egileenak.

«Pasealeku hau sei hizkuntzatan hitz egiten eta idazten duten 40 poeten lanen zatiak biltzen dituen espazioa da. Horrela, campusarekin geografia berezi bat egiten dugula deritzot, hizkuntzek, ideiek eta sentimenduek elkarri eskua ematen dioten mapa literario bat, idazleek elkarren artean hitz egiten duten leku bat, hain zuzen», esan zuen EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak.

Zaldua eta Urdangarin

Errektoreak ez ezik, Iban Zalduak, idazle eta EHUko irakasleak, eta Mikel Urdangarin musikariak ere parte hartu zuten inaugurazio ekitaldian.

Iban Zalduak «Poesiaren kontra, edo poesiaren zazpi bekatu nagusiak» manifestua irakurri zuen. Gero, poesiaren kontra izateko eman daitezkeen argudioak aurkeztu zituen, poesiaren zazpi bekatu nagusiak, mortal eta kapitalen inguruan egituraturik: harrokeria, lukurreria, lizunkeria, haserrea, jalekeria, bekaizkeria eta alferkeria, denak aurkitu ditu Iban Zalduak poesian. Bestalde, Zalduaren aburuz, «poesiaren kontra egotea eta poesia ardatz duen ekimen batean parte hartzea ez da kontraesan bat». Segituan, esan zuen, ironikoki, «hemendik, aurrerantzean, posiblea da unibertsitatetik ibiltzea poesia zabaldu bitartean».

Mikel Urdangarinek, bere aldetik, euskal literaturaren bertso batzuei musika jarri zien. EHUren ikasle talde batek hartu zuen berrogei poema horietako batzuk irakurtzeko ardura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo