NARRAZIOA
Entsalada fantastikoa
Iker ZALDUA
Eleberriak, beraz, baditu korapilatsua izateko osagaiak, mafiak eta greziar mitologiak bat eginda. Gainera, hori gutxi ez eta Kai Meyerrek berezkoa duen ukitu fantastikoa isuri dio, entsaladan ozpina nola. Hala, antzinako Arkadia hartako ondorengoak diren Alcantara eta Carnevale familiako kideek iluntzean piztia bilakatzeko bertutea edo zoritxarra dute. Ezaugarri horrek salatzen duelarik nor den edo nor ez den arkadiar.
Hala ere, saltsa guzti hori ongi, maisuki, egituratuta dago. Hastapenean kontakizuna mafien arteko borroka soilari buruzkoa izango dela dirudi; Rosa Alcantara eta Alessandro Carnevale elkarren ondoan jartzen ditu, elkarren aurkako bi klanetako ondorengoak, dagokion klaneko capo izateko deituak. Gazteak dira, adin txikikoak artean eta Cosa Nostrako kide izan arren, beste irrika batzuk dituzte, norgehiagoka edo nagusitasun borroka horretatik harago. Bien arteko harremana estutzen doa eta idazlea pixkanaka mitologia tantak isurtzen hasten da, Arkadia aipatzen du eta hari buruzko azalpen beharrezkoa ematen dio irakurleari, gehiegi luzatu gabe. Eleberriaren bigarren erditik aurrera fantasiaren zaporea hartuko diogu entsaladari. Hortik aurrera kontakizun errealista albo batera laga eta fantasia gailendu egiten dela esango nuke; orduan agertzen dira arestian apaturiko piztiak.
Hondoan maitasun ezinezkoa ikusten dut nik, bi gazteen artekoa, klan ezberdinekoak izaki, zuhurtziako distantzia bat zeharkatu ezin dutenak. Muga horretan dabiltza, baina, gazteak dira eta klanen arteko arau hertsiek baino elkarrenganako irrikak eramanda mugitzen dira, betiere, Cosa Nostraren begiradapean.
Hori guztia aurki daiteke Arkadia iratzarrian. Horretarako, 54 kapitulutan banatzen du Meyerrek kontakizuna; kapitulu laburrak, ibilbide luzean ito ez gaitezen. Deskribapen luzeak eta elkarrizketak tartekatzen ditu. Deskribapenak aipatu ditudalarik, esan behar da luzeak ez ezik, zehatzak ere badirela, batez ere paisaiak deskribatzean, zenbaitetan gure buruan espazioa ere irudikatzen laguntzen baitu, ekintzari agertokia jartzeko lagungarri dira. Dena den, batzuetan errepikakorrak gertatzen dira.
Haatik, ekintza da nagusi, gertaerek dute pisua, eta kapitulu guztietan gordetzen da ekintza. Gainera, kapitulu bakoitzaren amaieran kolpea ematen du, asmakizunaren erronka botatzen digu idazleak. Hurrengoaren hasieran argitzen da kolpe bakoitza eta horrek aurrera egiteko irrika bizirik mantentzen du, maisu.
Bukatzeko, beste behin, itzulpen ona azpimarratu behar dut, Pello Zabaletak egin duena. Azkenaldian beste hizkuntzetatik euskarara ekarri diren liburu ugari irakurri ditut, eta uste dut dagoeneko itzulpen «nekosoaren» aitzakiarik ez dagoela atzerriko literatura euskaraz irakurtzeko; ireki ateak bada, eta buruak.