GARA > Idatzia > Euskal Herria

Front de Gauche koalizio ezkertiarra, osasun zerbitzu publikoaren alde

p025_f03.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaiak kanpaina bete-betean sartuak dira, herritarrei nork bere mezua zabaltzen. Front de Gauche ezkertiarren koalizioko 5. hauteskunde barrutiko hautagai Bernadette Lavignek hitzordua emana zuen atzo, Baionako erietxe nagusian, osasun publikoan politika berria egin beharra dagoela aldarrikatzeko.

Hamar bat militante elkartu ziren bertan, «Baionako erietxea ez da merkantzia bat» lemapean. «Sektore horretan pribatu eta publikoaren errola berrikusi» behar da, eta, sektore pribatuan «dauden sendagileen esku-hartzea mugatu behar da», azpimarratu zuen hautagaiak. «Gizakia lehen mailan» jarri behar dela nabarmendu eta erietxeetako zerbitzu publikoak hilzorian daudela gogorarazi zuen: «Lanpostuen murrizketek, eta, eskuinak klinika pribatuei eskainitako hobekuntza etengabeek erietxeetako zerbitzu publikoak kinka larrian jarri dituzte». Horiek horrela, herritarren beharrak kontuan hartzen dituen finantzaketa plangintza, sendagaiaren polo publikoa, eta, zerbitzuen itxieretan luzamendu baten sorrera proposatu zituen.

Bi orduz aritu ziren Front de Gauche koalizioko ordezkariak erietxera hurbiltzen zirenei informazioa banatzen.

Lurraldearen balioen alde

Jean Baptiste Mortalena 5. hauteskunde barrutiko Adour Par Coeur alderdi zentristaren hautagaiak hauteskundeetan egingo dituen proposamenen berri eman zuen atzo. «Seguru gaude politika beste era batez egiteko garaia iritsi dela» eta «denok elkarrekin geroa eraiki behar dugu» lema nagusiak zabaldu zituen. Lurralde antolaketari dagokionez, Jean Baptiste Mortalenak Garapen Kontseiluaren baitan eztabaidatzen ari diren lurralde elkargo egituraren aldeko apustua egin zuen. Horrekin batera, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Lapurdirekin lotzeko azpiegiturak hobetzeko beharra eta gazteei enpresak sortzeko laguntzak ematea izan ziren, besteak beste, aipatu zituen proposamenetako batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo