Aizkora | Urrezko lehiaketa
Finalean sartzeko azken aukera izango da Lagranen
Jokatzeko geratzen diren bi finalerdiak bertan jokatuko dira bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako azkeneko bi finalerdiak jokatuko dira bihar Lagranen. Alde batetik Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa neurtuko dira, eta bestetik, berriz, Ugaitz Mugertza eta Unai Otaño. Ekinaldia 12.00etan hasiko da bertako kiroldegian.
Aurten, finala hiru lagunekin jokatuko da lehen aldiz. Floren Nazabalek jadanik finalean aritzeko txartela ziurtatuta dauka, eta orain beste bi aurkariak ezagutzea falta da. Biharko saioak oso estuak iragartzen dira. Atutxaren eta Azurmendiren arteko finalerdia jokatu zen iaz ere; orduan bizkaitarra gailendu zen eta bera izan zen finalean. Bi aizkolari hauek oso ongi ezagutzen dute elkar, Binakako Urrezko Aizkoran elkarrekin aritzen baitira. Beraz, alde horretatik ez daukate inongo aitzakiarik. Gakoa zutikako enborretan egon liteke. Hala ere, eta iaz galdu arren, Iñaki Azurmendi izango da faboritoa.
Bigarren finalerdiak ere estua izango den itxura dauka. Alde batetik Unai Otaño arituko da, eta bestetik, Ugaitz Mugertza. Otaño sasoi betean ageri da finalerdi honetara. Binakako Urrezko Aizkora irabazi zuen Otaegirekin; Gipuzkoako Bigarren Mailako kanporaketako onena ere izan zen alde nabarmenarekin; eta Urrezko Aizkora honetan ere oso lan ona eginda dator. Hori guztia kontuan hartuta, Ibarrako aizkolaria faborito nagusi agertzen da. Bi urteko zigorra gainditu ostean, indar handiarekin itzuli da, eta aurretik lortu zuen guztia ondo merezita lortu zuela argi eta garbi uzten ari da.
Ugaitz Mugertzak oso zaila izango du finalean sartzea, baina makina bat ezuste eman ditu lehen ere, eta bihar ere asmo berarekin joango da Araba aldera. Badaki galtzeko oso gutxi daukala, eta irabazteko, berriz, asko izango du.
Bi finalerdietan aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta horietan egindako denborak batu ostean, onena duenak lortuko du garaipena. Iraupen proba izango da, seguru asko ere, erabakigarriena.