GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Itsasoaren egarriz

p052_f03.jpg

Asun AGIRIANO

Salgari XIX. mendeko itsaslapurren istorio sortzaile arrakastatsua izan zen. Hil zela iaz bete ziren 100 urte, eta urteurren hori gogoan hartuta, Alberdania argitaletxeak, Seve Callejaren edizio zaindu eta interesgarriari esker, itsas ipuin sorta ederra eskaini digu.

Julio Verne, Rudyard Kipling, Stevenson eta beste zenbait idazlek itsaso zabala aukeratu zuten irudimenaren eszenatokitzat, eta protagonista nagusi piratak izan ziren.

Geroztik, literaturak eta zineak, denon oroimenean gordeta dugun itsaslapurren irudi epiko eta poetikoa erakutsi digute. Horrela, idealizatu ditugu piraten askatasun egarria, altxor misteriotsuaren bilaketa eta ekaitzen artean gertatzen ziren itsas borroka odoltsuak.

Salgarik, marinel hauen ibilerak hizpide hartuta, giro propioa sortzen asmatu zuen. Abenturazko kontakizunen ezaugarri guztiak batu zituen, eta, hala, paraje exotiko eta lurralde urrunetan zebiltzan Kortsario Beltza edo Sandokan bezalako heroi gogoangarriak gazte askoren imajinarioan betirako geratu ziren.

Kontraesankorrak

Askotan, itsasgizon trebe hauek izaera konplexua agertzen zuten, batzuetan krudelak, besteetan zintzoak, baina istorio gehienetan ausartak eta duintasunez beteak. Nortasun kontraesankorra zuten, hau da, aldika malenkonia eta erromantizismorako joera agertzen zuten, hurrengoan arrisku ugariri aurre egiten agertuko ziren, eraso, borroka eta akzioa nagusi izanik, eta, zenbaitetan, oroitzapen mingarrietan murgilduta ikusiko genituen.

Horrela agertzen zaigu Galipot zaharra ipuin hauetan. Itsasontziko kapitainak mozkortuta harrapatu du, eta gauero tripulazioari istorio bat kontatzera zigortzen du. Guztira, dozena bat ipuin, protagonista Catrame -Galipot italieraz- marinel edadetua delarik. Erritmo bizian harilkatzen ditu itsasoan berak bizitako gertaera beldurgarri eta misteriotsuak.

Ezinegona barreiatzen

Sineskeria eta fantasia uztartuz kontatzen ditu Galipot itsasgizon zailduak ahoz aho iritsitako elezaharrak, ikusi dituen ekaitz ikaragarri eta naufragio izugarriak. Eta tripulazioaren errespetua lortu ez ezik, ezinegona eta beldurra ere barreiatzen ditu. Bitartean, barkuko kapitaina sinesgogor eta zalantzakor agertuko da. Kontakizunak entzutean, irakurlearentzat garbi geratzen dira bi protagonisten izaera kontrajarriak: Galipot oroitzapen mingarrietan itota; eta kapitaina logikari helduta, ipuinak amaitzerakoan eszeptizismoa eta azalpen zientifikoak ematen.

Ipuinak deskribapen xehez jantzita agertzen zaizkigu, hainbatetan ematen diren ohar interesgarriekin osatuta; izan ere, azpimarratu behar dira Seve Callejaren edizio arduratsuaren lana eta Mitxel Muruaren itzulpen bikaina. Osagai horiek, misterio giroak eta irudimen handiko pasarteek samur lortzen dute irakurlearen arreta eta konplizitatea harrapatzea.

Seve Callejak berak dioena hitz-atean:

Salgarik gonbit bat luzatzen digu, guk ere bere abenturazko eta amodiozko ametsak irudimenean bizi ditzagun, haietaz gozatuz... edo sufrituz.

Ehun edo berrehun urte igaro badira ere, misterioa, beldurra edo itsasoan galdutako altxor eta marinelen pasadizoek gaur ere ukitu eta hunkitu egiten gaituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo