GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH jaietan

Bergarako jaiak, publiko eta gustu partikularrenentzat ere aukera

Krisi sasoietan jaiak ospatzea eta parranda egitea komenigarria izan ohi da. Bergarako Pentekoste jaiak aukera paregabea dira horretarako. Publiko mota askori zuzenduriko proposamenak, zapore herritarrez hornituriko ekimenak, jende jator askoaz gozatzeko parada eskaintzen dute udaberriko jai goiztiarrok. Deba ibaiko uren bide milenaristen ondoan, haren hezetasunak eta balizko eguraldiaren freskurak ez dute eragotziko jai giro bero-bero partikular bat.

p026_f03_148x172.jpg

p026_f04_148x088.jpg

p026_f05_148x088.jpg

Mañel LARENA |

Seminariotik udaletxeraino jaitsi zen atzo Bitorianatxo, eta geroztik Bergara «jaixetan» da. Zoriontasunaren eztanda frene- tikoa ageri da bazterretan. Gogorra izan ohi den lehen gauaren aztarnak sumatzen dira gazteen aurpegietan; gaupaseroak, kalean gora kalean behera; umeak, azukre-belakiak eskuan barraketan, frijitu usainak, kontinente ezberdinetako saltzaileak, autotxokeen eta norien mekanikak... norbere gustuen arabera bada Bergarako jaietan eskaintza ugaria. Publiko ezberdinentzako eta gustu partikularrentzako nahi bestekoa eta noranahikoa.

Lehen eguna, ohi legez, gogor hasten da. Lagunarteko afariak, dantzaldiak, txosnaguneko kontzertuak... gorputzari astinaldia eman, indarrak arindu eta segida betean eutsi egin behar zaio larunbatekoari.

Zortea izan dutenek gustuko lagunaz eta gogoko posturan gozatzeko aukera izan dute agian, txosnen ondoko Usondo parkean aukeran, Hiroshimako eraso atomikoaren ostean loratu zen zuhaitz bakarraren pean -Ginkgo biloba-, Kriptomeria edo bertako haritzen pean.

Jaioberriei ongi etorria

Eguerdian, udaletxeko batzar aretoan iazko jaietatik jaiotako haur guztiei ongi etorria egingo diete, iaz oso herritarra eta jendetsua izan zen ekitaldia errepikatuz.

Ordurako, baina, «harrapatzen bazaitu, harrapatzen bazaitu», seminarioan bigantxak; gaupasero eta zezenzaleen ibilerak ikusteko parada izango da. Gero, Bolu, Labegaraieta eta Oxirondo auzoetatik etorriko diren trikitilari, Elgoibarko dultzainari eta udal txistulari bandak bat egingo dute herriko plazan dianarako. Handik Mizpirualde zaharren egoitzara abiatuko dira, musika eta jaia bertaratzeko, dantza solte eta heldurako gonbidapenarekin.

Gimnasia emanaldiak, plastika sariketa ala bakailu lehiaketa ikustea, gozatzea edo dastatzea gustuko duenak izango du bere aukera; edota batetik bestera joan-etorrian, tarteka sagardoa, marianitoak edo ardoa eztarriratuz, bazkalordurako jendez lepo egoten diren kaleetan barnaratuz.

Erraldoien ordua

Bergarako Erraldoien Konpartsak sona handia du. Erraldoien kuadrilla -handi-handiak zein txikitxoak- plazan egongo da zain arratsaldeko sei eta erdietan, bonba japoniarren ostean, haur eta guraso guztien gozagarri, herrian zehar ibiltzeko. Beren kantu propioarekin, Elgoibarko dultzainarien pieza zoragarriekin.

Errekortariak ere ez dira faltako. 16 urtetik beherako gaztetxo orok errekortari eskolak jaso ahalko ditu, eta gero errekortari profesionalen ikuskizunari iritsiko zaio txanda.

Musikak hartuko du lekukoa ondoren. Publiko guztientzat aukeran. Rock maratoia nahi duenak, Kruz Gallastegin dauka aukera. Berbena herriko plazan, DJak seminarioan, hardcorea eta rumba kataluniarra txosnetan... kontzertu onak, giro hobea eta gauari gogoz heltzeko martxa nonahi.

Txosnak, jaien bihotzean

Krisi sasoian, murrizketen erauntsia beldurgarria den honetan, txosnaguneak inoiz baino anitzagoak eta beti bezalako proposamen dinamikoak dakartza. Aurrenekoa, egitarautik kanpokoa; beren kokaleku paregabe ederra alegia. Esan nahi baita, Deba ibaiaren ondoko petriletan jarri eta uraren hots basa eta atsegina adituz txoko benetan ederra da. Belarra lasaiean errez, garagardoak pixepel parrandan, Usondo parkean galtzeko aukera... ederto askoan ibiltzerik bada, bai. Egia da ez dela udarako jaietako txosnaguneetan ikusten diren elastiko tirantedun eta praka motxetan egoteko lekua. Eguraldia beti da kapritxosoa. Maiatzak ura dakar, ibaiak hezetasuna eta nork jakin aurtengoan! Baina merezi du ibaiaren uraz, zuhaitz exotikoez, jauregien ondoan... gauaren energia handi bat bertan zurrupatzea.

Arrakastatsua izan ohi da bokata eta errazio, sagardo eta giro onarekin ibaiaren alboan afaltzea. Aurten ere ez da faltako aulki eta mahaiekin atondutako txoko ederra. Afari-meriendak, adiskideekin solas nagiak, hitza eta pizza lagun. Txosnetako hondakinak gutxitzeko eta zentzuz kudeatzeko ardura erakutsi da, bestalde. Izan ere, edalontzi guztiak (baita katxi eta konbinatuena ere) berrerabilgarriak izango dira eta hondakinak gaika bilduko dira, atez ateko egitasmoari begirako entsegu praktiko legez, besterik gabe, ingurumena denona izateko denek zaindu behar dutelako.

Gune herrikoi eta euskaldun honek aukera ederrak eskaintzen ditu. Baina plazara, seminariora, barraketara... joanez gero, gustu partikularrena ere asetzeko aukerarik ez da faltako. Gogoari libre eta suelto adierazten utzi, eta berak gidatuko zaitu Bergarako «jaixak» eskaintzen dituen edozein perlaraino.

Ondo pasatu, bada. Eta inorekin pasatu gabe. Ziur jaiotan, norberak egiten dituen ametsek beren neurria topatuko dutela.

Jaioberriei agurra

Iaz izan zuen arrakasta ikusirik, aurten ere iazko jaietatik hona jaiotako haurrei ongi etorria egingo diete eguerdian udalbatzar aretoan. Ekimen jendetsu honetan parte hartzeko gonbita egin diote jaioberri orori.

Erraldoien ohorez

Aurten ere «gigante, gigante, vestido de elegante/gigante, gigante, vestido de percal/ Mari Kattalin gona gorri dantzari ta/artzai Joxe Bixente/ kolokan-kolokan dabiltza kalian danbolin soinuan» kantua eskainiko zaie.

musika lepo

Kruz Gallastegin, Lord Witch, Katabatik eta Turboshit taldeekin Rock Maratoia; txosnetan, hardcorea barra-barra Truth trough fight, Criatura eta Hardflip taldeekin eta, bukatzeko, rumba kataluniarra Malakaton taldearekin; plazan Trikiziorekin, berbena.

«Ez gaude denok», presoak gogoan

Gaur, presoen aldeko eguna izango da, jaietan ez daudenak gogoratzekoa, haien senide eta lagunak babestekoa. Bideberriko txosnetan elkartasun bazkaria prestatu dute, Miren Amuriza eta Aitzol Barandiaran bertsolariek girotuko dutena.

Zuhaitz erraldoien itzalpean, makina bat bergarar eta kanpotik etorritako lagun bilduko dira. Iñaki Arietaleaniz, Luis Mari Azkargorta, Mikel Askasibar, Aitziber Plazaola, Xabier Arregi, Jose Migel Gaztelu, Ane Miren Alberdi eta Jose Luis Elkoro Bergarako presoen ausentzia, beste behin ere, gertuko presentzia bilakatu da herritarren bultzadarekin. Iheslari eta borrokan hil diren gudariekin bezalatsu.

Bazkalostea luzatuko da, aldarte jator baten gozaroan. Arratsaldean, mahaietatik altxatu eta presoen eskubide eta kaleratzearen aldeko ekimenak herriko kaleetan zehar barreiatuko dira.

Presoen aldeko ekimenak Bergarako bazter orotara helduko dira. Barne-barneko herri desira baten lekuko gisara. Hots, aurtengoak izan daitezela euskal presoak daudela ospatzen diren azken jaiak. Hala balitz, orduan bai inoizko zoriontasun eztanda frenetiko eta alimaleko parranda herritarrena. Ordura arte, baina, jaiekin batera, presoak etxera ekartzeko aldarrikapenak ez du etenik, ezta bixamonik ere izango. Mañel LARENA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo