GARA > Idatzia > Kultura

«Etxe-ondotik», billabonatarren omenaldia Vicente Ameztoyri

Villabona-Amasako herritarrek Vicente Ameztoy bertako artista omendu nahi dute bere heriotzaren hamargarren urteurrenean, eta horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte. Garrantzitsuena, «Etxe-ondotik» erakusketa, atzo arratsaldean Gurea zine aretoko erakusketa gelan ireki zutena, margolariaren unibertsoaren erakusleiho bat. Bertan izan ziren haren adiskide eta senideak, eta Bernardo Atxaga lagun handiak egin zituen aurkezpen lanak.

p051_f01.jpg

p051_f02.jpg

Maider IANTZI | VILLABONA

Galder Azkue Villabona-Amasako alkateak adierazi bezala, herri honek zor zion halako omenaldi bat Vicente Ameztoyri, belaunaldi berriek ere bere bizitza eta obra ezagutzeko aukera izan dezaten. Atzo inauguratu zuten «Etxe-ondotik» erakusketa lehenengo urratsa da proiektu handiago baten barrenean.

Izenburuak margolariaren etxeari egiten dio erreferentzia, Etxe-ondori. Bertan sortu zituen orain Gurea zine aretoan ikusgai diren lan anitz. Etxe-ondok modu metaforikoan iradokitzen du Ameztoyk berriro ere bere etxeko ateak irekitzen dizkiola jendeari, beretzat hain garrantzitsua zen bizilekuko ateak. «1970ean aita eta anaiekin batera (ama 1959an zendu zen) Villabonan kokatua dagoen Etxe-ondora joan ginen bizitzera (...) Nire aitaren familiarena izan da hainbat belaunaldiz, eta txikitatik sentitu izan nuen halako erakarpen berezi bat. Eraikinaren dimentsioak, kapera, behien ukuilua, baratzea, eta zedro libanoarra, nire aurreko batek landatu zuena, misiolari batek Libanotik ekarritako hazi batekin. Horrek guztiak egiten zuen berezi, beti nahi izan nuen hor bizi», idatzi zuen «Karne&klorofila» erakusketarako.

20 urtez bizi izan zen lekua funtsezkoa izan zen bizitzarekiko zuen jarreran eta arte diskurtsoan, «batzuetan magikoa den tokia, beste batzuetan madarikatua, baina beti maitatua».

Alaba, komisario

Virginia Ameztoy artista, Vicenteren alaba, da erakusketaren komisarioa. Kontatu zuenez, Udalekoek familiakoak bisitatu zituztenean eta omenaldiaren proposamena egin zietenean, izugarri gustatu zitzaien eta ilusio handiz hartu zuten. «Zer obra mota sartu pentsatu genuen, eta egokiena bere teknika guztiak erakusketa txiki batean sartzea zela erabaki genuen». Hala osatu dute aretoa, 50 pieza baino gehiagorekin, orain arte ezagutu gabekoak zenbait. 30 urtetan egin zuen ibilbidea islatzen dute hainbat teknika eta formatutako obrek: hiru olio-pintura daude, zazpi kaxa, paperean egindako hamasei lan (litografia, serigrafia, marrazketa, akuarela, sangina, pastela eta tenpera), horien artean Jose Migel Barandiaranen omenaldirako zirriborro eta probak, hamabi kartel...

Mahai batean, objektu pertsonalak daude (azukre koxkorrak, txiskeroak, koadernoak...) eta «Behiak» pelikula ospetsuan agertzen den segalariaren argazki bat, berak egin baitzuen irudi hori. «Zeruko Argia» eta «Euskadi Sioux» argitalpenetarako egin zituen azalak ere ikus daitezke.

Villabonatik harago

Gipuzkoako Aldundiak ere bat egin du omenaldiarekin, Garazi Lopez de Etxezarretako bertako kideak azaldu zuenez, Vicente Ameztoy Gipuzkoako historia hurbileko ezinbesteko artista delako. Eta bere laguntza eman nahi izan du bi koadro ekarrita. Udalaren eta familiaren ahalegina goraipatu zituen Etxezarretak, eta margolariak Artelekurekin lotura handia izan zuela oroitu zuen gune artistiko honek lehenbiziko urratsak egin zituen garaian.

Artista grinatsua zen Vicente. Hala aitortu zuen berak «Sagrado y profano» Koldo Mitxelenan egindako erakusketan: «Koadro bakoitza nire burua harritua uzteko saiakera bat da. Horrek funtzionatzen badu, aurrera egiten dut. Aldiz, margolanak ez banau aho-zabalik uzten, bertan behera uzten dut edota ez dut kontuan hartzen».

Erakusketa asteartetik ostiralera, 17.00etatik 20.00etara bisitatu daiteke, larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, eta igandetan 11.00etatik 14.00etara. Bisita gidatuak egin daitezke (kmbisitagidatuak@ereiten.com).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo