Julio Villanueva
Autopista elektrikoak eta AHT
Inork zalantzarik bazuen, Red Electrica Española delako enpresaren lehendakariak ederki ongi argitu zuen: «Etorkizuneko AHT ezinezkoa izanen da tentsio handiko trazaketa berriak hornituko duen argindarrik gabe».
AHT energia kantitate neurrigabea behar duen azpiegitura da, abiadura handitzean energia kontsumoa proportzionalki emendatu beharrean esponentzialki egiten baitu. Madril eta Sevilla arteko AHTk, 300 kilometro orduko gehienezko abiadura, 8.800 kilowateko potentzia eta 329 eserleku dituenak, 25.000 laguneko hiri baten etxe-kontsumoak adina energia xahutzen du. Berau Castejongo zentral termiko ez legal eta Garoña zentral nuklear zaharkitu bezalakoetatik bideratuko litzateke.
Tentsio handiko lineak, martxan daudenak zein REEk eraiki nahi dituenak, zentral hauetatik argindarra banatzeko eta AHTra bideratzeko erabiliko dituzte, subestazio eta tentsio txikiagoko sare trinko baten bitartez.
Eraikuntza, argindar eta garraio lobbyak kapital handia sendotzeko elkartzen diren bezalaxe, makroazpiegituren aurka borrokan dihardugun taldeok elkar osatu eta babesteko garaia heldu da. Aurrean dugun etsaia bera bada, AHTren, zentral termiko eta nuklearren, autopista elektrikoen eta mehatxu berria den fracking delakoaren aurkako borrokak bera behar luke.
Tokian tokiko borroka bai, baina orokortasuna galdu gabe. Kapitalismoa orokorra da eta.