Arkaitz Otxoantesana | Ondarroa
ANera preso baten kamiseta janzteagatik
Antxoa egunean lagunekin atera ginen parrandatxoa botatzera Ondarroan. 34 tabernara heldu ginenean, pertsona batzuk euren artean liskarrean zebiltzan. Tartean sartu ginen eta giroa lasaitzea lortu genuen. Lanean zegoen kamareroak eskatuta, lis- karrean zebiltzanetako bati autobus geltokira lagundu nion, beste herri batekoa zelako eta nahiko mozkortuta zegoelako.
Bidean Ertzaintzaren patruila bat agertu zen, ustez liskarra zela-eta 34ra zihoana. Gure ondoan gelditu eta soinean neraman kamiseta ikusi zuten: «Eneko askatu» esaldia eta Eneko Etxaburu presoaren argazkia. Segituan, kamiseta hori kentzeko eskatu zidaten, eta identifikatzeko, oso modu txarrean. EHNA aurkeztu nien, eta eurek polikiroldegiko txartelik ez erakusteko esan zidaten, gilipollas eta halako irainak gehituta. Euskaraz berba egiteko eskatu nienean, bultza egin zidaten eta popatik hartzera bidali. Eurei ere identifikatzeko eskatu nien, eta ez zeukatela zertan identifikatu erantzun zidaten. Borrokan aritu zenari joaten utzi zioten, baina niri ez.
Kasualitatez, nire aita agertu zen momentu horretan, eta berak ere azalpenak eskatu zizkien. Handik ospa egiteko esan zioten. Tentsioa gero eta handiagoa zen. Aitak identifikazioa eskatu eta hau apuntatzeko boligrafoa eskatu, eta ukatu egin zioten hari ere.
Tarte luzea eduki ninduten bertan, kamiseta kenduta. Etengabe irainak botatzen zizkidaten. Orain, kamiseta hori eramatearren terrorismoa goratzea leporatu didate, eta salaketa Auzitegi Nazionalera bidali dute. Komisariara joan gara atestatua eskatzera eta ez digute eman, prozesu judiziala hasita ei dago eta.
Guk ere salaketa jarri diegu ertzainei, ez identifikatzearren, euskaraz hitz egiteko eskatu eta iraintzearren eta euren botereaz abusatzearren.
Ez da ertzain horiek nire kontra egin duten lehen aldia. Aurretik ere mehatxatu izan naute, eta lanera kotxean jarraitu. Dena herriko mobilizazioetan parte hartzearren. Horixe da jendea beldurtzeko euren teknika.
Halakoxe jende modua dago Ertzaintzan, herritarrak iraindu eta euskara mespretxatzen duena. Hauen helburua ez da herria zaintzea, legedi arrotzak herritarroi inposatzea baino!