GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bide erdia eginda, jaien azken txanpan kasta ateraz

Igandea, jaien erdibidea. Lehen bi egunen astinaldiak arinduta eta jendetza gutxituta, eskualdekoek eta, batez ere, herrikoek hartzen dute protagonismoa, daukaten kasta onena ateraz, berritasun eta freskura askoko ekimen eta ikuskizunetan parte hartuz. Astelehena Kuadrillen Eguna delako eta asteartea azken kartutxoarena, jo eta su murgilduko dira bergararrak jaiaren azken ttantta zurrupatzeraino.

p022_f03.jpg

Mañel LARENA | BERGARA

Jaien erdibidean, goi mailako ikuskizunez horniturik dator igandea. Ostiral eta larunbateko parrandek utzitako ondorioak arintzeko eguna izan ohi da igandekoa. Kanpoko senitartekoek bisita egiten duten eguna, bixamonak gidatutako lo sakonak egitekoa, bazkari opa- roak, maila politeko pilota partidak, Euskal Herriko dantza askeko txapelketa, Udal Musika Bandaren kontzertu espeziala... orotarik aukeran. Baita sentsazio gogorrak maite dituztenentzat San Martzialgo aldapetan goitibehera txapelketa eta Deba ibaiko baltsen jaitsiera kasurako.

Kirol ikuskizunak izango dira nagusi igandean. Goiza proposamen bikoitzarekin dator: Lokatza ziklismo eskolak antolaturiko txirrindulari lasterketa, Bergarako Kirol Elkartearen pilota sailak antolaturiko Debarroko finala. Arratsaldean, berriz, ikuskizunak ugarituko dira, adin guztietako publikoentzat, eta famili giroan ohikoa den tripa-janaren ondotik urdailak lasaitzeko ezin aproposagoak.

Ikuskizunak nahi beste

Baina pertsona ezin da bakarrik futbolaz, ala kirolaz, bizi eta gomendagarria da beste horizonteetara irekitzea.

Espoloiko kioskoan, platanondo pusken itzalpean, igande eguerdian kontzertu berezia emango du udal bandak. Paraje ederra, proposamen musikal zinez kitzikagarriarentzat.

Arratsaldean, plazan, Euskal Herriko dantza askeko txapelketa 16 urtez azpiko bikoteentzat izango da aukeran, Abarka taldearen lekukoa hartu duen Moiazpik antolaturik.

Goitibeherak, ibaian behera baltsa jaitsiera... bixamona arintzeko eta adrenalina pizteko aukera politak dira. Apurka-apurka gauari ongietorria emateko. Film laburren emanaldi berezia emango dute txosnetan, eta nola ez, kontzertua ere izango da oraindik indartsu daudenentzat.

Kuadrillen egun potentea

Astelehena egun indartsua, kasta ateratzekoa da. Jende gutxixeago izan ohi da, baina festa egiten dabilena jende kasta izan ohi da. Kanpotarrak gehienbat Debagoieneko herritarrak dira, eta bergararrak tope-topera dabiltza, azken esprintari heltzeko prest. Tabernen arteko herri-kiroletan hasten dira gazteak, gogotsu hasi ere. Eta arratsaldeko 14.30ean denak batzen dira plazara, herri-bazkarirako mukuru egon ohi dena. Txarangak, trikitilariak eta DJak giroturik.

Errekortariak, pilota partidak, barraketako bueltatxoa... erritmo lasaiagoan ibili nahi duenak aukera izango du, bai.

Gaua, berriz, azken-aurrekoa dela ahaztu barik, parrandarako aproposa da oso. Eguerditik txolinduta ibili ohi da jendea, eta gauean, komeriak! Ederra benetan giroa. Arrasatearrek «lunes mondragonés» deiturikoa, eta bai herrikoek bai eskualdekoek topera gozatzekoa.

Bukatzeko, pilota eta bingoa

Asteartea, azken eguna. Baina dena eman behar zaio maite den jardunari eta festarako indarra, gorputza eta patrika dutenentzat, baita ez dutenentzat ere, izango da, bai, non murgildu eta zer ikusi. Eguna bigantxekin hasiko da, astelehen gogorrari esna eta zutik eusten dioten gaupaseroen paseak eta kolpeak ikusgai.

Eguerdian herri kirol emanaldi berezia izango da plazan, hiru aita-semeren saioarekin. Hain zuzen, Iñaki eta Inaxio Perurena, Zelai II.a eta Ioritz Zelai eta Bihurri eta Hodei Ezpeletarekin. Metro batzuk beherago, Domingo Irala kalean, Alma Navarra taldeak jotak eskainiko ditu.

Arratsaldean, berriz, pilotari profesionalen txanda iritsiko da. Lehen partidan Olazabal-Merino I.a bikoteak Mendizabal-Cecilio bikotearen kontra jokatuko du, eta bigarren partidan, egungo binakako txapeldun diren Titin-Merino II.ak Gonzalez-Barriola hartuko dituzte aurkari. Tradizio pilotazale handiko herria da Bergara eta herri pilotalekuan jendetza eta dirutza jokatzea ziurtzat jo daiteke.

Bingo herritar berritzaile bat antolatu da aurten Munibe plazan, sari bikainak eman eta girotxo aparta sortuko duena. Haurrek, bestalde, beren jolas parkea izanen dute.

«Herrixa dantzan» erromeria, trikitilari eta Patxi Montero dantzariak girotuko ditu agurraren aurreko orduak. Gero, DJ festa, telebistako mutil Oihan Vegarekin. Gauerdian, Bitoriana- txoren igoerak emango die amaiera jaiei. Gaupasa nahi duenak, ordea, ez du arazorik izango. Egun argiz, ogia eta egunkaria erosi, eta etxera! Pixa egin eta ohera, lo-lo egitera.

Denok irabazle egiten dituzten berrikuntzak

Berrikuntza guztiek sortzen dute nolabaiteko erresistentzia psikologiko eta kulturala, baina era berean esperimentatzeko lizentzia ematen dute. Aurtengoan berrikuntza eta esperimentazioaren alde apustu egin dute Bergaran. Batetik, herriko dendarien laguntzaz eta sarien bitartez -herriko denda eta jatetxeetan gastatzeko bonuak- herriko komertzioa defendatzeko xedez bingo herrikoia antolatu da aurrenekoz. Jakin-min eta onespen zabala sortu du ekimenak.

Bestalde, tabernak kontsumitzeko gune izatetik harago, herri bizitzaren dinamizazioan sekulako garrantzia dute. Sare sozialak, kontaktu puntuak, azpiegiturak... orotarikoa da haien ekarria. Aurten kirol eta jolasen antolakuntzan badute zeresana, tabernek beren ekipo propioak aurkeztuz gazte andana jarriko baitute elkarrekikotasun sano batean. Txalotzekoa den eta jarraipena merezi duen ekimen berrian.

Aurrekontuen murrizketak eta aldarte sozial ilun eta kutsakor bat gailendu dira azken aspaldian. Irudimenak eta herri gogoak eman diezaioke buelta horri. Herritarrek hartzen badute beregain erronka hori, kolore herritarra eta ilusioa mantendu ezik, distira berezia eman daitekeela ikusi da jaiotan. Hurrengoetan ere, asmatu egin beharko da. Asmatu, dauden baliabide eskasagoekin erabaki onak hartzen, existitzen ez diren soluzioak asmatzen.

Izan ere, hori baita funtsa: herritarrengatik herritarrentzako, herritarren neurrira egindako jaiak asmatu eta berrasmatzea. Etengabeko aukerak sortuz eta sortuz. Etsipena eta apatia inposatu nahi duten krisi egoera hauen aurrean, herritarren arteko elkarrekikotasuna eta elkarkidetza etengabe bultzatuz.

Saiakera polita egin dute aurtengoan Bergaran. Inposiblea irudikatu eta ausart aritzeko ordua orain da. Norbere amets eta gogoak jaietan beren neurria topatzeko. Ondo pasau jaixak. Mañel LARENA

KONTZERTU PERLA

Espoloian Udal Musika Bandak kontzertu espeziala emanen du, besteak beste, Canoren «Maria la portuguesa» fadoa, Manilowen «Copacabana» ezaguna edo Gz. Chirlaque bergararraren «Lokatza» izango dira entzungai.

Herri Bazkaria

Astelehenean jendez mukuru egongo da herriko plaza Kuadrillen Eguna dela eta. Ia mila pertsonarentzako paella erraldoia prestatuko dute, urdailak betetzeko eta eztarriak bustitzeko nahi besterekin, bazkalostea girotzeko txarangak, trikitilariak eta DJak jo eta su.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo