Kronika | Literaktum
«Atlantikoko poetek» kolorez jantzi zuten Loiolako belardia
Hiru jatorri. Hiru hizkuntza. Hiru poeta. Edo, bestela esanda, Menna Elfyn galestarra, Xuan Bello asturiarra eta Kirmen Uribe euskalduna. Horiek izan ziren Literaktum jaialdiaren barnean Loiolako (Donostia) kartzela atzeko zelai berdeari kolorea eman zioten hiru poetak.
Amalur ARTOLA
PLV Havoc eta The Brighte musika taldeen kontzertuaren ostean, ikusleak bapo bazkaldu eta digestioa eginda harrapatu zituen poesia errezitaldiak. Janari kondarrak saskietan gordeta, zelai berdean toallen gainean etzanda eta oinutsik zeuden gehienak. Haurrak korrika, jolasean. Eguzkia bazterrak epeltzen eta zuhaitzek babestutako zelaiaren albo batean ezarritako taula, hutsik.
Arratsaldeko seietarako hamar minutu besterik falta ez zirenean hasi zen haizea harrotzen, zerbait badatorrela eta adi egoteko iragarri nahiko balu bezala. Eta, orduantxe, zuhaitz artetik azaldu ziren arratsaldeko hiru protagonista nagusiak: Menna Elfyn, Xuan Bello eta aurkezpenik behar izan ez zuen Kirmen Uribe.
Poesia errezitaldiari hasiera Eli Tolaretxipik eman zion, ondoren taulara igoko ziren hiru poetak euren artean oso ezberdinak izanda ere, komunean asko dutela esateko. «Atlantikoko poetak» izena eman zien, ozeano horrek, Atlantikoak, bustitzen baititu hiru poeta handi hauen herriak, «ozeano hark lotzen baititu hirurak». Eta, hala, gaelikoz mintzo den Menna poetari eskaini zion taula.
Gaelikoaren doinua
Taularatu orduko, «Hola» labur baten ostean euskaraz egin zuen bere buruaren aurkezpena Elfynek eta, trukean, irribarre ugari eta txalo zaparrada ederra jaso zituen. Gaelikoz irakurri zituen bezperan aurkeztutako bere azken liburuko («Mancha perfecta») poemetariko batzuk eta, esanahia ziur asko inork ulertuko ez zuen arren, poesia zaleek adi entzun zuten Elfynen esana, bere mintzairak zelako doinua zuen jakin nahian agian.
Tartean, Elfyn galestarrari begira zegoen lauzpabost urteko haurrak gurasoari «ama, zer esaten du?» galdetu zion eta, honek, gaelikoaz eta hizkuntzen transmisioaz mintzatuz ase zuen haurraren jakin-mina.
“Itsasoa ikusi” olerkiak itxi zuen galestarraren txanda. Bertan, bere anaiarekin zuen joko bat oroituz, itsasoa ikusten den aldiro ur masa handi hori lehen aldiz ikusten deneko sentipen berbera berritzen dela defendatu zuen Elfynek.
Galestik Asturiasera jauzi eginda, Bellok ere euskaraz egin zuen aurkezpena. Euskal Herrian lagun on asko dituela eta, orain urte asko, euskaraz egiten ikasi behar zuela zin egin zuela aitortu zuen. Momentuz «zurito bat» esaten soilik dakiela azaldu eta, barre artean, inoiz hitza beteko duela agindu zuen. Bello pozik agertu zen asturiera «gutxi gorabehera» ulertzen zela eta ikusleriak itzulpenik gabe moldatzen zela esan zionean eta, orokorrean, bere azken lanak errezitatu zituen. Bello bizitzaz mintzatu zitzaien Loiolako belardian zeudenei, familiaz, uneez, oroitzapenez.
Etxeko poeta, Uribe, izan zen taula estreinatzen azkena. Ondarroarra lehen poema-liburua argitaratu berritan izan zen lehendabizikoz Literaktumen eta, bere hitzetan, orduko ilusio berberaz zetorren oraingoan ere. «Rock kontzertuetan egiten den bezala», hasieran olerki berrienak, kasu honetan oraindik argia ikusi ez dutenak, errezitatu zituen eta amaierarako utzi zituen dagoeneko liburuetan bilduta daudenak.
Jose Antonio Agirre lehendakaria burura etorrita idatzitakoa irakurri zuen lehendabizi eta, ostean, metapoesiaz aritu zen. Poesiaz mintzatzen den poesia ez omen du batere gustuko baina, hala ere, olerki horretan idazteko daukan era helarazi zion ikusleriari, «tantaka» sortzen dituen poema horien gainean, bere iritziz, «poesia gauza geldoa baita».
Errezitaldiko une hunkigarriena oso gertuko lagun zuen Aitzol Aramaiori eskainitako idatzia irakurtzeaz batera iritsi zen. Entzuleak isil-isilik aditu zuen Uribek iaz zendutako zuzendari eta gidoilari ondarroar bidaiariaz esateko zuena eta, amaieran, poetak agerrarazitako minezko sentimenduari txalo formatuan bidalitako animozko sentipenekin erantzun zioten ikusleek.
Errezitaldiari amaiera zapore gozoarekin emateko, bere neska lagunaren orinek osatzen duten galaxia hartu zuen hizpide Uribek eta, gainerako bi poetek bezala, txalo artean utzi zuen taula.
Ordurako ordubete pasata, haizea freskatzen hasi eta, haurrak etxeratzeko ordua zela iritzita, zenbaitek saskiak, toallak, krema potoak eta zapatilak biltzeko profitatu zuten atsedenaldia. Haurrekin edo haurrik gabe bertan geratzea erabaki zutenek bigarren txanda bat entzuteko aukera izan zuten, hiru poetak berriro igo baitziren taula gainera baina, oraingo honetan, isiltasun handiagoarekin, giro xamurragoan, gozoagoan, intimoagoan.