Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Langileen arteko elkartasunaz
Krisiaren karietara, eta kapitalaren zein agintari politikoen jukutriei erantzuteko, herri honetako langile mugimenduak hamaika mobilizazio burutu ditu azken urteotan, denak arrakastatsuak. Horiei begira, Euskal Herriko langileria osasuntsu dagoela esan daiteke, edo behintzat, inguruko beste leku batzuetakoa baino osasuntsuago. Gauza nabarmena da, eta zinez poztekoa.
Alabaina, talde-mobilizazioetatik aldentzen garenean, bakarrik edo beste testuinguru batean gaudenean, gure langile sena osasuntsu al dago? Aspaldian gainetik kendu ezinik dabilkidan galdera da, eta duela zenbait hilabete etorri zitzaidan burura. Iragan urtarrilean, hain zuzen. Orduan, airelinea batek ateak behin betiko itxiko zituela iragarri zuen, eta zalaparta handia sortu zen. Gaia puri-purian zegoen egun batean, telebistari begira nengoela, Loiuko aireportuko irudiak eman zituzten. Irudi horietan lagun talde bat ageri zen, airelinea horretako bi langileri sekulako errieta egiten. Oporretan joan nahi zuten, hegaldia hartuta zeukaten, eta enpresaren porrotak aireportuan utzi zituen. Eta oporrak, airean.
Aberats itxurarik ez zuten lagun horiek haserre egoteko arrazoiak zituzten. Urte osoa lanean eman ondoren oporrak zapuztea ez da atsegina. Ez ziren jabetzen, ordea, beren errieta jasaten ari ziren bi pertsona horiek une horretan bertan jakin zutela lanposturik gabe geratu zirela. Langabezian zeudela.
Bi langile horiek ez zuten lasaitasuna galdu, eta ahal bezain ondo jasan zituzten besteen purrustadak. Beren lekuan egonda, nik ez dakit nola erantzungo nukeen -nahiz eta niri ere tokatu zaidan ezagutzen ez nuen lagunen errietak pairatzea-, baina ordutik horrelako beste kasu batzuk ikusi ditut. Horietako gehienetan, telefonoak ematen duen pribatutasuna eta lasaitasuna baliatu dituzte «langile haserretuek» beste langile batzuei sekulakoak esateko (bide batez, ez ahaztu telefonoa hartzen duena inoiz ez dela izaten enpresako arduraduna edo instituzio bateko goi karguduna). Gailu beldurgarria, telefonoa...
Beldur naiz langile-elkartasunean ez ote gabiltzan herren. Gure klase izaerak ez ote daukan iraungitze-datarik. Espero dut hala ez izatea. Baina badaezpada, hurrengo manifa bukatzean Internazionala abestu ondoren, saia gaitezen ondoan daukagun langile tristea infernura ez kondenatzen.