Julen MURGOITIO
Danbolinak falta!
Aste honetan begirada arinak baino ez dizkiot eman paperezko prentsari. Begiradarik ez digitaletara, ez baitut gustuko pantailan esaldiak azpimarratzea. Hortaz, ez dakit albisteak ondo irakurri ditudan; jakin ere ez dakit albisteok ondo idatziak izan diren. Tira, harira. Ondo ulertu badut behintzat, Bilboko Metroko gatazka konponbidean da, amen. Afganistangoa, ostera, hor-konponbidean da, atzo eta bihar bezala, omen. NATOko tropak handik atera litzakeen gertaera bakarra Gibraltarreko kontuak okerrera egitea da, gaur-gaurkoz. Egia esan, sorlekura itzultzea izango litzateke hori tropontzat, Afganistan inoiz ez baita izan Ipar Atlantikoan, ez eta Ipar Atlantikoa hango Herrialdestan haietara zabaldu ere. Itsasarte horretan ordena mantentzeko NATOkoak nahikoak ez balira, Madrilgo Gobernuak Iparraldean dituen tropak bidali litzake hara behera, osagarri, eta behin betiko. Ozeano horren iparrean izan badena Eskozia da, eta Londoni kieto parao! esanda, abian doa, «bai» batek bultzatuta. Kontuan hartzeko erreferentea, ozeano horrek alde bietan dituen itsasoen bazterreko herrientzat. Helduko da eguna, beharko, non Ipar Atlantikoko hainbat herrik hitzaren jabe eginda, Organization horretatik ere askatuko diren, beren kokapen geografikoari uko egin gabe.
Bitartean, dagoena dago. Madril hartan danbolinak baino ez ziren herenegun falta, txistuak sobera izan zirelako. Hoskarra gero, hangoa! Haiexek megabelioak! Errekorren liburura pasatuko bide da hango futbol-zelaikoa, Espainiako himnoa inoizko abiadura handienean jarri baitzuten. Di-da! eta baloia jokoan... emaitzaz ez naiz gogoratzen orain. Eta Bilbon ez den Bilbo Exhibition Center horretan Makina-Erremintako Erakusketa, bi urtez behingoa. Giza itxurako errobotak dira han erakusteko. Errobot sozialak edo. Sentsorez josiak, edozertarako prest. Industriako hainbat prozesutarako aproposak, omen. Ama, ama! berandutu baino lehen, politikarako aproposak diren errobot antropomorfikoak ere erakutsiko dituzte; isilak, manaerrazak, sinadura errazekoak, mantsotuak. Are gehiago, esango nuke nik holako batzuk izan badirela jada funtzioan, hainbat gobernutan. Teknokrazia antropomorfikoa. Tira, bada zerbait BEC horretarako! Ez nuen nik uste, ba, BEC hori enplegu eskaintza publikoko etsaminak egiteko eraiki zutela! Ene, ene, astiroago irakurri behar du prentsa.