Tiroketa batek bi hildako eta zazpi zauritu utzi ditu Finlandiako herri batean
Frankotiratzaile gazte batek bi lagun hil eta zazpi zauritu zituen atzo goizaldean, jatetxe baten aurrean zeuden hainbat gazteren aurka tiroka arituta. Erasotzailea ekintza burutu eta ordu batzuetara atxilotu zuten operazio polizial zabal batean.
GARA | HELSINKI
Frankotiratzaile gazte batek jatetxe baten aurrean zeuden hainbat gazteren aurka tiro egin zuen bart goizaldean eta bi lagun hil eta beste zazpi zauritu zituen. Hyvinkaa herrian, Finlandiako hiriburutik 50 kilometrora.
Tiroketa goizaldeko ordu bietan gertatu zen. Kamuflajezko arropa eta bi arma zeramatzan 18 urteko mutil gazte batek eraikin baten teilatura igo eta kalean zeuden hainbat gazteren aurka tiro egin zuen.
Ondorioz, 18 urteko neska bat eta mutil bat hil ziren, lehena tiroketaren unean bertan eta bigarrena ordu batzuetara bala zaurien ondorioz, ospitalean zela. Zazpi zaurituen artean, oso larri dagoen polizia agente bat ere badago. 23 urteko emakumezkoa tiroketa hasi ostean erasotakoengana gerturatu zen eta frankotiratzaileak jaurtitako bala batek larriki zauritu zuen.
Hasiera batean, frankotiratzaileak ihes egitea lortu zuen, baina ordu batzuk geroago atxilotu zuten, polizia operazio zabal baten baitan, Hyvinkaaatik bi kilometrora. Poliziak esandakoaren arabera, gazteak ez zuen inolako erresistentziarik jarri atxilotu zuten unean.
Ikerketen arabera, aurrekaririk gabeko frankotiratzaleak ez zuen armak izateko lizentziarik eta «ingurukoen» bitartez lortu zituen gainean zeramatzan bi errifleak. Tiroketaren arrazoia oraindik ezezaguna bada ere, polizia agenteen ustetan, erasotzaileak ez zituen tirokatutako gazteak ezagutzen.
Hyvinkaako alkate Raimo Lahti-k atzo eskainitako elkarrizketa batean herritar guztiak «shock egoeran» zeudela eta honelako gertaerak aurreikustea zaila dela adierazi zuen.
Azken tiroketa honekin, bost izan dira azken bost urteetan hildakoak utzi dituzten tiroketak. Finlandia, Ameriketako Estatu Batuen eta Yemenen ondoren, biztanle kopurua kontuan hartuta arma gehien dituen herrialdea da.
Atzera eginda, 2008ko irailaren 23an ikasle batek bere ikastetxeko kideak tirokatu zituen bere buruaz beste egin aurretik. Ondorioz, bederatzi ikasle eta irakasle bat hil ziren.
2007ko azaroaren 7an ere beste ikasle batek, 18 urtekoa, pistola automatiko batekin eskola baten aurka eraso egin zuen bere buruaz beste egin aurretik. Tiroen ondorioz zortzi pertsona hil ziren.
Guztira, 2000. urtetik hona 33 pertsona hil dira tiroketen ondorioz. 2009an Helsinkiko Parlamentuak armen inguruko legea gogortzea onartu zuen, ordura artekoa nazioarteko araudiaren arabera liberalegia zela-eta.
Finlandian bart goizaldean izandako tiroketa herrialdean azken bost urteetan hildakoak utzi dituen bosgarrena da. Biztanleko arma gehien dituen munduko hirugarren estatua da.
Finlandian 2009an Helsinkiko Parlamentuak armen inguruko legea gogortzea onartu zuen, ordura arte zegoen legedia nazioarteko araudiaren arabera liberalegia zen.