GARA > Idatzia > Euskal Herria

Deustuko hilketa «saihets zitekeen eraso sexista» dela salatu dute ehunka lagunek

Ostiralean Deustun labankadaz hil zuten emakumearen kasua salatzeko 300 lagun inguru bildu ziren atzo, Bilboko mugimendu feministak deituta. Saihes zitekeen eraso sexista bat izan dela salatu zuten. Ustezko hiltzailea Basauriko kartzelara bidali zuten atzo.

p019_f02.jpg

N.G. | BILBO

Hirurehun lagun inguru batu ziren atzo arratsaldean Deustuko San Pedro plazan, ostiralean gizon batek labankadaz hildako emakumearen gertaera salatzeko elkarretaratzean, Deustuko Pare taldeak eta Bilboko mugimendu feministak deituta.

«Beste emakume bat eraila Deustun. Patriarkatua hiltzailea. Erasorik ez, erantzunik gabe», zioen pankartak. Mobilizazioaren amaieran, talde deitzaileen izenean, ostiraleko erasoa eraso sexista izan zela nabarmendu zuten ordezkari bik, euskaraz eta gaztelaniaz. Komunikabideek jasotako Ertzaintzaren adierazpenak gogoan, azaldu zuten Deustuko heriotza ez dela auzokideen arteko liskarren ondorioa, saihets zitekeen beste eraso sexista bat baizik. Gaineratu zutenez, atxilotutako gizonak aurretik ere izan zituen emakumezkoekin arazoak, baina instituzioek ez zuten neurririk hartu gertatutakoa saihesteko. Horregatik, emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurrean «instituzioek duten jarrera axolagabea» salatu zuten.

Hildako emakumearen senide eta auzokideei besarkada bat bidali ondoren, bihar hainbat udalerritan eta EAEko hiru hiriburuetan Emakumeen Mundu Martxako Plataformak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzera deitu zuten. Hiriburuetako deialdiei dagokienez, Bilboko Arriaga plazakoa eta Donostiakoa Bulebarrekoa 19.30ean izango dira, eta Gasteizko Andre Mari Zurikoa, 20.00etan.

Plataformak azaldu zuenez, «sexu erasoak, behartutako prostituzioa, laneko sexu jazarpena, jipoiak eta beren bikotekideek eraginda gertatzen diren emakumeen heriotzak patriarkatuaren oinarrizko ezaugarria dira, indarkeria hori kontrol eta dominazio tresna sozial gisa erabiltzen duena, emakumeen menderakuntza betikotzeko».

Emakundek, bestalde, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena azaltzeko eskatu zion gizarteari.

Bitartean, Deustuko ustezko erasotzailea Basauriko kartzelan dute atxilo.

Bestalde, ostiral gauean Bilbon emakume bat bortxatzen saiatu zen gizonezko baten bila dabil Ertzaintza, atzo Lakuako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera.

Mobilizazioak bihar

Emakumearen Mundu Martxaren Plataformak elkarretaratzeak deitu ditu biharko hainbat udalerritan eta hiru hiriburutan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Deustuko emakumearen heriotza salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo