GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren aurkako hamaika aktibista epaitzen hasiko dira gaur Donostian

2008ko abuztuaren 3an egindako ekimenean parte hartzeagatik, bina urteko kartzela zigorra eskatuko du fiskaltzak ATHren kontrako hamaika aktibistarentzat, gaur Donostian hasiko den epaiketan.

p014_f01.jpg

Mikel PASTOR | DONOSTIA

AHT abiadura handiko trenaren kontrako hamaika aktibisten epaiketa gaur hasiko da Donostian, 2008ko abuztuaren 3an Gipuzkoako hiriburuan egindako ekintzen harira. Fiskalak bina urteko kartzela zigorra eskatuko du hamaika akusatuentzat.

ATH! Gelditu Elkarlanak epaituekin elkartasuna agertu zuen, eta dei egin zuen 09.30ean egingo duten elkarretaratzean parte hartzera. Plataformaren hitzetan, «gobernuak borroka sozialekiko errepresioa gogortzen» ari dira, herritarren askatasuna «are gehiago murriztuz» eta desobedientzia zibila «kriminalizatuz».

AHTren kontrako mugimenduen kriminalizazioaren harira, elkarlanak gogoan izan zituen Yolanda Barcina «entartatzeagatik» epaituta dauden bi ekintzaile gipuzkoarrak, Madrileko Auzitegi Nazionalak ekainaren 7an Donostiako epaitegira deklaratzera deitu dituela salatuz.

Epaiketa horien aurrean, AHT Gelditu! taldeak «bide egokiak» landuz jarraituko duela berretsi zuen, hau da «egitasmo kaltegarrien inguruko informazioa zabaltzea, desobedientzia zibila eta mobilizazio masiboa».

Abiadura handiko trenaren kontrako plataformaz gain, beste zenbait erakunde politiko eta sozial ere epaiketaren kontra agertu ziren.

Hala nola, Donostiako ezker abertzalea, bi urteko kartzela eskaera neurriz kanpokoa dela salatu zuena, eta jarraian, epaituei elkartasuna adierazi ziena.

Ezker abertzalearen iritziz, gaurko epaiketa «kriminalizazio prozesuaren beste urrats bat baino ez da», AHTren kontra «gero eta indar gehiago hartzen ari den oposizio mugimendua desaktibatzeko».

«Desaktibazio» prozesu horretan, «asko dira atxiloketak, isunak, karga polizialak», edota neurriz kanpoko zigor eskaerak, esaterako, «Yolanda Barcinari pastela botatzeagatik hamar urteko kartzela zigorra eskatzea».

Hortaz, «ekologikoki, sozialki eta ekonomikoki inolako zentzurik ez duen proiektu hau beste gauzen gainetik bukatu nahi dutenei» mezu argia bidali zien ezker abertzaleak: «Hobe egingo lukete arlo sozialetik datozen ahotsei kasu egingo baliete, are gehiago bizitzen ari garen krisi ekonomikoko garai hauetan».

Ezkerreko independentistek proiektu honekiko oposizioa berretsi zuten, «beharrezkoa ez den obran inbertitzen ari diren baliabideak laguntza sozialetara» bideratu daitezen eskatuz, eta hurrengo egunetan Donostian eta Hernanin AHT Gelditu! Elkarlanak antolatu dituen protesta ekitaldiekin bat egiten duela gaineratu zuen.

mobilizazioak

Ezker abertzaleak AHT Gelditu! Elkarlanaren protesta ekitaldi guztiak babesten dituela adierazi zuen. Lehendabizikoa, gaurko iragarria, goizeko bederatzi eta erdietan, Donostiako epaitegien aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo