«Bakea gudan», Unamunoren filosofia Azurmendiren begietatik
Miguel de Unamunoren (Bilbo, 1864- Salamanca, 1936) «Paz en la guerra» nobelaren irakurketa filosofiko bat kaleratu du Txalapartak, Joxe Azurmendik idatzia eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrearekin. Azurmendiren arabera, XIX. mendeko filosofia puskatu eta gainditu dutenetan, garrantzitsuenetakoa Unamuno bera izan da, baina berak ez dio aplikatu ikuspegi edo filosofia berria euskal arazoari. Hori egin duena gerraondoko euskal pentsamendua izan da.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Joseba Sarrionandiak «Bakea gudan: Unamuno, historia eta karlismoa» lanaren aitzin-solasean dioenez, lehenengo eta behin, «Paz en la guerra» nobela on bat da. 1897an kaleratu zen -zaila da zehaztea Unamunok noiz idatzi zuen-, eta gustura irakurtzen da oraindik. Testimoniala eta zer pentsatu ematen duena da, errealista eta lirikoa. Oroiminezkoa, ume-denborarekin batera galduko den gizartearen lekukotasuna. Historikoa eta politikoa. Enpatia ahalegin eta gizartearen ulermen saio eredugarria gaur eguneko irakurlearentzat ere.
Sarriren arabera, Joxe Azurmendik ongi azaltzen du Unamuno, «pertsonaiak berak egingo lukeen baino hobeto, agian, elementu eta baliabide intelektual gehiago dituelako hark baino eta, batez ere, denboraren abantaila. Baina sobreinterpretaziorik gabe, pertsonaiak berak ametituko lukeen moduan eta ez, hain ohikoa denez komentarista askoren aldetik, ideiak desitxuratuz».
Bere kontraesanetan ulertu
Joxe Azurmendik atzoko aurkezpenean argitu zuenez, «Paz en la guerra» nobelaren inguruan egindako tesi espainolistak «faltsifikazio bat» dira. Bere kontraesanetan ulertu behar da Unamuno eta, batez ere, bere faseetan. Nazionalista euskaldun bezala hasi zen idazlea. Hala aitortu zuen berak: «Bere ezagutza ideologiko gehiena nik eman nion Sabinori, eta euskararen agoniari buruzko nire hitzaldia handia izan zen».
Unamunok beti exajeratzen zuela ohartarazi zuen Azurmendik. Sarrik adierazi bezala, «lotsarik gabe, baina ez arrazoirik gabe. Ad contrario, batez ere, behin eta berriz arbuiatu zuelako euskal nazionalismoa».
Bigarren fasean, positibismo ingelesa eta Herbert Spencerren biologismoa ezagutu zituen. Horrekin, gizadiaren historiaren filosofia bat garatu eta karlistadak interpretatu zituen, «Paz en la guerra»-n agertzen den bezala. Azurmendiren iritziz, liburu hori Euskal Herriaren filosofia bat da, baita Espainiarena ere.
Gero marxismo edo sozialismo modu batera pasatu zen filosofoa. Baina azkenik konbertitu egiten zen era erradikalean. Positibismoa, sozialismoa eta ateismoa baztertu, eta preexistentzialista edo existentzialista egin zen. «Hau da obra handi bat utzi duen Unamuno, eta Unamuno interesgarria ere hau da», nabarmendu zuen Zegamako idazle, filosofo eta irakasleak.
Orduan, positibista bezala euskal abertzaletasuna kritikatzeko eduki zituen arrazoiek jada ez zioten balio. Alderantziz. Izan zuen eboluzioa aztertuz, logikoa izan balitz, beste jarrera batzuk defendatuz bukatu behar zuela pentsatzen du Azurmendik. Agertu zuenez, beharbada egin zuen sentimenduen mailan, bere Hendaiako testuak sentimental abertzale batenak dira berriro, baina pentsamendu hori garatu idatziz ez zuen inoiz egin.
Hori gerraondoko euskal pentsalariek egin dute Unamuno irakurriz: Salbatore Mitxelenak, Txillardegik, Txabi Etxebarrietak eta Joxe Azurmendik berak.
Larrabetzun ostiraletik igandera izanen den Literaturiaren edo euskal literaturaren plazaren magalean aurkeztu zuen Joxe Azurmendik bere liburua, Literaturiaren eta euskaraz kaleratzen duten argitaletxeen elkarlanari esker. Atzo gogoeta liburu bat izan zen, eta gaur musikaren txanda izanen da, Benito Lertxundiren inguruko liburu bat aurkeztuko dutelako Mikel Markezek eta Pako Aristik. Urtetan bildu dira bi musikariak eta idazlea, hilero-hilero, bakoitzaren herrian txandaka. Markez eta Aristi «pribilejiatuak» sentitu dira Benito hurbileko eta intimoa ezagutzeko aukera izan dutelako eta esperientzia horretan oinarrituta osatu dute liburua.
Jon Casenavek ere bere liburu berria ezagutaraziko du gaur, «Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?» saiakera kritikoa, Utriusque Vasconiae argitaletxearekin plazaratua. Eta ostegunean, Itxaro Bordak «Boga boga» Susarekin ateratako nobelaren berri emanen du. Amaia Ezpeldoi detektibearen bosgarrena da. Baionan zabor biltzaile lanetan jarduteaz gainera, aspaldiko desagertze bat argitzen tematuko da Ezpeldoi, azkenekoz Baionako festetan ikusi zuten Jana Elgebeltzena. Literaturak bertze plaza bat izanen du egunotan Bilbon, Liburu Azoka eginen baita bertan ostegunetik ekainaren 10era. Francisco Panera «El sueño de Akala» sinatzen arituko da, Josu Turuzeta «El Athletic Club, origen de una leyenda o cuando el león era aún cachorro», eta Francisco Letamendia «La mujer en la cueva». M. I.
Azurmendik azaltzen duenez, fase kontraesankorrak ditu Unamunok: nazionalista euskaldun gisa hasten da, positibismo ingelesaren eragina du gero (eragin hori dago «Paz en la guerra»-ren azpian), marxismo edo sozialismo modu batera igarotzen da, eta bere azkeneko fasean, etapa existentzialistan, konbertitu egiten da era erradikalean.