GARA > Idatzia > Euskal Herria

Toldoen zozketa eginez hasiko da Donostiako hondartzen denboraldia

I.I. |

Donostiako hondartzen denboraldia ostiralean hasiko da, ekainaren 1ean, eta irailaren 30era arte iraungo du. Berrikuntzen artean nagusia toldoen zozketa irekia da, bertan nahi duten herritar guztiek parte hartu ahal izango baitute lehen aldiz.

Ostiral honetan egingo dute zozketa, Atano III. pilotalekuan. 1.521 eguzki oihal, karpa eta itzalkin zozketatuko dituzte, eta 5.555 herritarrek eman dute izena. Zozketaren emaitza hiru urterako izango da balekoa.

Ekainaren 1erako prest egongo dira oinarrizko zerbitzuak: kabina kolektiboak, sorospen zerbitzuak, megafonia, dutxak, kioskoak, bainu egokitua, etzaulkiak edo bainurako gunea mugatzeko balizajea eta gabarroiak -horiek itsasoaren egoeraren arabera-.

Baita hondakinen gaikako bilketarako puntuak ere. Hiru hondartzen -Ondarreta, Kontxa eta Zurriola- sarbide nagusietan kokatuko dituzte.

AZTIren gomendioei jarraituta, Donostiako Udalak Ondarretako hondarrari ukituak eman dizkio berriz, azken udetan agertutako harriak berriz ager ez daitezen. Neurri horren bidez udan arazoa konponduta egotea espero dute, eta hondartzaren portaerari erreparatuko diote, uda amaitu ostean neurri osagarriak hartu ahal izateko.

Hobekuntzak uhartean

Halaber, Udala Santa Klara uhartea egokitzeko lanak egiten ari da. Irailean kai muturra konpondu zuten, oso hondatuta baitzegoen itsasoaren oldarraren ondorioz.

Orain, kai muturreko eskailerak eta bideak babesteko egurrezko hesiak konpontzen ari dira, eta itsasargiaren ondoko horma bota eta berreraiki egingo dute.

Azken ekaitzen ondorioz, Kontxa eta Ondarreta arteko oinezkoentzako pasabidea, Loretopeko arroken gainekoa, hondatuta geratu da.

Hori dela-eta, azken asteetan hiriko mantentze lanetarako taldea premiazko konponketak egiten ari da. Egun gutxi barru amaitzea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo