Bilboko Palanka inguruko «Afrika txikian» kokatu du Jon Arretxek nobela beltz berria
Maider IANTZI | DONOSTIA
Orain arte atzerrian kokatu ditu Jon Arretxek nobela beltzak, eta giza tragedia itzelak kontatu ditu. Ereinen Uzta Gorria bilduman euskaraz eta gaztelaniaz atera duen «19 kamera» desberdina da, alde batetik Bilboko San Frantzisko auzoan, garai batean Palanka izenaz ezagutzen zen «Afrika txiki» horretan bizi delako protagonista, Toure, Burkina Fasoko afrikar beltza. Eta bertzetik, bera delako istorioaren ardatz nagusia, eta ez trama. Egoera irregularrean patera-pisu batean bizi den sasi detektibe hau izanen dute protagonista basauritarraren hurrengo nobelek ere, eta saga bat osatuko du.
Arretxek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, Tourek edozer eginen du biziraupenaren alde, igarlearena ere bai. Txartelak banatzen hasiko da kalean eta kasu eta proposamen bitxiak sortuko zaizkio. «Ez dut aurreko lanetako gordintasun hori bilatu. Umore klabean irakurri behar da hau ondo ulertzeko, nahiz eta egoera gogorrak izan», argitu zuen idazleak.
San Frantziskoko auzotarren laguntza handia izan du lan hau egiteko, pisua ere utzi diote eta han bizi izan da nobela sortu bitartean, balkoiko «talaia pribilegiatutik» inguruari begira, auzoko hainbat txokotan jarritako kamerak bezala. Hortik dator izenburua, «19 kamera», eta Tourek lehenbiziko pertsonan egiten duen kontakizuna osatzen duen bigarren ahotsa kamera batena da, edo kameraren gibelean dagoen pertsonarena. Honek hirugarren pertsonan kontatzen du ikusten duena.
Arretxek euskaraz idatzi du, eta Cristina Fernandezek gaztelaniara itzuli du.