GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUren sortzaileak omenduko dituzte Baionan eginen diren ikastaroen karietara

Ainize BUTRON | BAIONA

Udako Euskal Unibertsitateak datorren uztailaren 4tik 6ra eskainiko ditu ikastaroak Baionan. Aurtengo edizioak UEUren sorreraren garaira itzultzeko aukera emanen du, 40. urteurrena betetzeaz gain, Baionan egin baitzituen lehen urratsak. Iraganari begirako hori, sortzaileei eskerrak emateko eta horiek omentzeko, uztailaren 5ean egingo duten hitzaldi-mahai-inguruaren bidez uztartuko dute.

Karmele Artetxe UEUko zuzendariak, ikastaroen jatorriaren bila hasita, 1970eko hamarkadaren hasieran Baionan antolatzen ziren Kultur Asteak izeneko jardunaldietara jo beharra dagoela ekarri zuen gogora. Jean Haritxelhar eta Piarres Xarriton euskaltzainak izan ziren kultur aste horren bultzatzaile sutsuak. Ondotik, Karlos Santamaria euskal matematikari eta pentsalariaren proposamena onartuz, 1973ko abuztuan gauzatu zen Udako Unibertsitatearen lehenengo jardunaldia.

Izena emateko deia

Uztailaren 5eko ekitaldian, Jean Haritxelhar izango da hizlari. Hasiera horretan lanean aritu ziren guztien ordezkari gisa mintzatuko da euskaltzaina. Omenaldia egun berean eginen dute. Halaber, UEUko arduradunek Eusko Jaurlaritzak Baionako ikastaroei zegokien diru partida kendu izana salatu zuten, eta guztiz «bidegabea» iruditzen zaiela adierazi zuten. «Datorren urterako hausnarketa egin dezan eskatzen diogu». Aurtengo 40 ikastaroak antolatzea «inoiz baino erronka» handiagoa izan da UEUrentzat, eta horrenbestez, ikastaroetan parte hartzeko deia zabaldu zuten. Baionako ikastaroak hiru jakintza arlotan banatuko dira: artea eta musika, osasun zientziak eta gizarte zientziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo