GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Aritz Ibarrola Donostiako esker abertzaleko kidea

Bidean aurrera beti

Ibarrolak artikulu honetan dioenez, ezker abertzaleak duela hiru urte abiatu zuen eztabaidaren ondorioz, herritarren aldaketa gogoa, ezkutuan eta ukatuta zegoena, azaleratzen ari da. Haren ustez, hiru urteon balantzea ez da batere txarra, nola gatazka politikoari dagokionez, konponbidearen aldeko gehiengo herritarra agertu baita, hala alor ekonomiko eta sozialari dagokionez, aspaldiko mobilizaziorik handienak izan baitira, edo eremu instituzionalean. Horrela jarraitu beharra aldarrikatzen du, baldintzak aldatu eta abagune berriak sortzeko. Ondoren, aldaketa gogo horrek Donostian izan dituen emaitzak eta topatu dituen oztopoak ditu hizpide.

Euskal Herrian gertatzen den bezala, aldaketa haizea dabil Donostian ere. Jada ia hiru urte igaro dira ezker abertzaleak helburu duen Euskal Herri independente, sozialista eta euskalduna lortzeko hausnarketa sakona burutu eta estrategia eraginkor berria definitu zuenetik. Orduz geroztik, «Zutik Euskal Herria» dokumentuan jaso zuen estrategiak aldekotasun eta inplikazio nabarmenak jaso ditu Euskal Herri osoan, eta Donostia ere horren adibide izan denik ezin uka daiteke.

Indar metaketa eta aldebakartasuna izan dira protagonista azken hiru urteotan, batez ere, aldaketa gogoa duten herritarren artean. Ukazio eta zapalkuntzaren statu quoa mantendu nahi dutenek (aspektu guztietan: hizkuntzazkoa, kulturala, soziala, ekonomikoa, patriarkala, errepresiboa...) boteregune eta botere faktiko desberdinak erabiliz edozein aldaketa asmo berehala desitxuratu eta neutralizatzen aritu dira urteetan zehar. Baina azken hiru urteotan, ezker abertzalearen ekimenaren ondorioz, ezkutuan eta ukatuta zuten herritarren aldaketa gogoa argitara ateratzen ari da, eremu guztietan: gatazka politikoaren alorrean konponbidearen aldeko gehiengo herritarra ikusarazi dugu, alor ekonomiko eta sozialean sekulako indar metaketa eta mobilizazioak izan dira bestelako eredu ekonomiko bat eta aldaketa soziala aldarrikatuz, eremu instituzionalean sentsibilitate politikoen mapa irauli duten gertakariak gidatu ditugu... Aldaketa horiei guztiei jarraipena eman nahi die ezker abertzaleak, orain artean bezalaxe, indarrak bilduz eta aldebakartasunezko erabakien bitartez baldintzak aldatu eta abagune berriak sortuz.

Donostiara etorrita, aldaketa gogo horren erakusleak eremu guztietan gertutik ikusteko aukera izan dugu: Gatazkaren Konponbiderako Nazioarteko Konferentzia Aieten, «Konponbide haizea dabil» dokumentuaren aurkezpena Kursaalen, Bilboko urtarrilaren 7ko presoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko antolatu ziren 33 autobusak, jarraipen ia osoa izan duten greba orokorrak... Baita eremu instituzionalean izan den aldaketa nabarmena ere. Esparru independentista-subiranista ezkertiarra garaile izan zen Donostian iazko udal hauteskundeetan eta, bide batez, aldaketa gogoari etengabean jartzen ari zaizkion oztopoak gainditzeko lehen zirrikitua ireki genuen.

Euskal Herrian dabilen aldaketa grinak Udaleko alkatetza eskuratu zuen. Eta berarekin batera, esparru, erronka eta aukera berriak ere bai. Herritar konprometituek lekukoa hartu zieten politikari profesionalei. Orain, herritarren interesek gidatzen dute Udala, interes enpresarial eta partidisten kaltetan, bidea sarri nahi baino malkartsuagoa izan arren.

Urtebete igaro da dagoeneko Bilduk Donostiako alkatetza eskuratu zuenetik eta harro esan dezakegu aldaketa hori oso positiboa izan dela herritarrentzat eta langileentzat. Moduak eta formak aldatzeko saiakera handia egin da (auzo eta herrietako errondak, periferiaz gehiago arduratzea erdialdearekiko zegoen desoreka aldatuaz, interes enpresarial hutsei erantzuten zieten proiektu handiak geratzea...) eta etorkizunean egin beharko diren aldaketa sakonak egiteko borondatea horrela erakutsi dute. Orain, aldaketa hori definituko duten etorkizuneko erronka horiek egoki planteatzen, herritarren beharrizanei egoki erantzuten eta harremanak hurbiltzen asmatu beharra daukagu. Hala ere, kontziente izan behar dugu instituzioek ezin dutela guztia konpondu eta, horregatik, oso presente izan behar dugu herritarroi dagokigula aldaketa horiek bultzatu eta indartzeko zeregin handiena.

Aldaketa guztiek dute lehenagoko eta ondorengo egoera bat, eta ezin uka daiteke lehenagoko egoera horren aldekoak ere badaudela. Aldaketa olatu hori hedatzen doan heinean, PSOE, PP eta EAJk bat egin dute hedatze hori trabatu nahian. Hori gutxi ez eta edozein gai eta gertakari aitzakia hartuta, zalaparta eta polemika antzuak sortzean oinarritzen dute beren jardun politikoa: jarrera harro eta altiboekin hasi zirenak orain beren onetik irtenda eta errespeturik gabe dihardute horretarako propio jartzen dizkieten mikrofono eta fokuen aurrean.

Orain arteko beren interes partikularrak eraisten doazela ikusten ari dira, eta deuseztatze horrek aurrera egingo duen beldur itzela dute. Hori da geldiarazi nahi dutena baina, aldi berean, benetako talka politikoa non dagoen agerian uzten dute: bi eredu kontrajarri baitaude gurean. Batetik, helburu partidista eta ekonomikoak lehenesten dituen orain arteko politikagintza profesional iluna, eta bestetik, herritarren borondatea eta aldaketa politiko eta soziala ardatz duen eredu herritarra. Lehenengoek komunikabide boteretsuak dituzte talka horretan bitarteko eta berme nagusi, baina baliatzen duten gezur eta manipulazio taktikak herritarren artean duten sinesgarritasuna egunez egun gutxitzen joatea ere eragiten du.

Donostiako autobus geltoki berriaren aferarekin azken boladan bizi izandakoa arestian aipatua laburbiltzen duen hurbileko adibide argia dugu. Nola da posible, bestela, ikuspegi teknikotik nabarmen hobea den Erriberetako proiektuaren aurka egitea oposizioko alderdi guztiek? Nola udal teknikari, aditu, autobus operadore eta gaiarekin lotura duten herri eragileen iritziaren aurka egitea Udalbatzarrak? Nola ulertu, uneren batean Erriberetako aukera hobetsi duten horiek orain proiektuaren aurka horren nabarmen posizionatzea? Erantzuna argia da, gure ustez. Alderdi eta enpresa interesak donostiarron interesei gailendu zaizkie, azken honetan ere bai.

Testuinguru honetan guztian, herritarrekiko arduraz jokatu dezaten dei egin nahi diegu oposizioko alderdiei. Uko egin diezaiotela herritarren interesak joko politikoaren zerbitzura jartzeari eta albora dezatela behingoagatik Donostiarentzat kaltegarria den oposizio suntsitzaile hori.

Aldi berean, gonbidapen zehatza luzatu nahi diogu PNVri, PPren eta PSOEren trintxeratik atera eta herria eraikitzeko ikuspegian lanean jar dadin. Borondatea egon denean, akordioak erdiesteko aukerak egon badaudela aski frogatu ahal izan dugu azken asteotan. Sabin Etxeko beharrei Donostiari baino gehiago begiratzen zaionean, ordea, akordioetarako oztopoak nabariak dira gurean.

Guk, Donostiako ezker abertzaletik, esparru independentista-subiranista ezkertiarraren parte gisa, orain arteko bidetik lanean jarraituko dugu, iraganeko lohietan harrapatuta jarraitu nahi dutenen aurrean, jendartearen esparru gero eta zabalagoak aldaketaren bidera bilduz. Aldaketa politiko eta soziala urratsez urrats gauzatuz, bidean aurrera beti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo