«Guadalajaran egin ditudan bi urteekin oso gustura geratu naiz; oso leku ona da»
Futbolaria
Mikel Saizar Bigarren Mailako protagonistetako bat izan da. Maila horretan aritu diren euskal jokalarien artean onenetakoa izan da, eta bere taldean, berriz, ezinbestekoa bihurtu da atezain gipuzkoarra. Lehen aldiz jokatu du Bigarren Mailan, bere taldeak bezalaxe, eta sekulako denboraldia egin du. Egindakoarekin oso gustura geratu da bera, dena primeran joan baitzaio.
Jon LEUNDA
Mikel Saizar Bigarren Mailako protagonistetako bat izan da. Iaz ikaragarrizko denboraldia egin zuen Guadalajaran, eta Bigarren Mailara igo zen taldea. Aurten ere bide beretik jarraitu du, eta jadanik Guadalajarako izarra bihurtu da Ibarrako atezaina.
Nolako denboraldia izan duzu?
Oso ona. Partida guztiak jokatu ditut, eta hori garrantzitsua izaten da jokalariarentzat. Taldeak ere denboraldi ona egin du, eta ez dut uste kexatzeko arrazoirik daukagunik.
Zer gertatu zaizue denboraldiaren bigarren zatian?
Egia esan, denboraldia oso ongi hasi genuen, iazko dinamika on horrekin jarraitu genuen, baina urtarrilean eta otsailean arazoak izan genituen. Hor hasi ginen behera egiten, eta atzekoak, berriz, gerturatzen. Tentsio handia geneukan, eta buelta eman ezinik aritu ginen, baina uste dut ongi amaitu dugula.
Lasaitasun ederra emango zizuen Villarreal Lehen Mailatik Bigarren Mailara jaisteak, ezta?
Bai, dudarik gabe. Horrek Villarreal B Bigarren B Mailara jaisten zela esan nahi zuen, eta orduan jaitsierako postuak atzean geratzen zitzaizkigun. Horrek tentsio hori kentzeko ere balio izan zigun, eta uste dut berriro ere Guadalajara onena ikusi dela. Elxen eta Valladoliden irabaziz amaitu dugu denboraldia eta aurrez esan bezala, oso ongi amaitu dugu.
Aldaketa handia nabaritu al duzue Bigarren B Mailatik Bigarren A Mailara?
Bai, asko nabaritzen da. Bi mailen artean aldaketa handia sumatzen da. Abiadura handiagoan jokatzen da eta kalitatean ere nabari da. Nik, batez ere aurrelarien artean nabaritu dut aldaketarik handiena. Zelaietan ere asko igartzen da.
Zure ustez, Deportivo eta Celta izan al dira Bigarren Mailako bi talderik onenak?
Bai, dudarik gabe. Deportivo ikaragarri gustatu zait gure aurka jokatu duen bi partidetan, eta Celta ere bai. Vigokoek sekulako abiaduran jokatzen dute, eta aurre egitea oso zaila izaten da.
Zein izan daiteke igoko den hirugarrena?
Nire ustez, Valladolid. Igo diren biekin batera beraiek izan dira onenak, eta sailkapenean ere ikusi da. Gero, igoera fase batean edozer gerta daiteke, baina gauzak normal joanez gero, uste dut Valladolid ere igoko dela.
Nola bizi du futbola Guadalajarako jendeak?
Oso ongi. Oso esker onekoak dira. Ez ziren lehenago inoiz Bigarren Mailan egonak, eta hori eskertzen ari dira oraindik. Taldea babesten dute beti, baita unerik zailenetan ere, eta denboraldi bukaeran mailari eutsi izana asko eskertu digute. Elxen irabazita, jadanik matematikoki Bigarren Mailari eutsi genionean, gauean geure zain zeuden guri eskerrak emateko. Bi urte daramatzat hemen, eta oso leku ona da futbolean aritzeko.
Zu ere maitatua sentitzen al zara Guadalajaran?
Bai. Ni hemen oso gustura nago. Jendeak, bai iaz bai aurten asko estimatzen nauela erakutsi dit, eta hori futbolean edo edozertan aritzeko oso garrantzitsua da. Esan bezala, oso esker oneko jendea da.
Egin duzun denboraldi bikainaren ostean, etorri al zaizu norabait joateko eskaintzarik?
Egia esatea nahi baldin baduzu, gai horretaz ez naiz batere kezkatu. Buruan jokatzea bakarrik neukan. Aste honetan amaitu dugu dena, eta hemendik aurrera jarriko naiz harremanetan nire ordezkariarekin, zer dagoen ikusteko. Nik hemen aurten amaitzen dut kontratua eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Hor jarraitzeko asmorik bai?
Bueno, beraiek zer nahi duten behintzat entzun nahi dut. Nik bi urte oso on eman ditut hemen. Taldeko giroa, jendeak taldeari ematen dion babesa, oso garrantzitsuak dira. Ni, gainera, oso maiatuta sentintzen naiz hemen, eta hori aurrera begira ere kontuan hartzekoa da. Ordaindu beste talde batzuek baino gutxiago egiten dute, baina hemen badakigu hilabete amaieran ordainduko digutela. Beraz, kontuan hartzeko gauza on asko daude Guadalajaran, baina erabaki bat hartu aurretik zer dagoen aztertu nahi dut.
Izango ote da Lehen Mailan aritzeko eskaintzarik?
Ez dakit, baina ederra izango litzateke. Hori helduko balitz, ez nuke zalantzarik izango. Lehen Mailan aritzea da denon ametsa, eta aukerak ez dira alferrik galdu behar, baina aurrez esan bezala, ez dakit zer daukadan. Datozen egunetan batuko naiz ordezkariarekin, dauden gauza guztiak aztertzeko, eta horren ostean hartuko dut erabakia.