Iruñeko presondegi berriaren «onurek» ez dute presoen errealitate gordina arinduko
Protesta artean inauguratu zuten atzo Iruñeko kartzela berria Barne ministro espainiarrak, hiriko alkateak eta Nafarroako lehendakariak eta lehendakariordeak, joan den irailean Arabako Zaballakoa inauguratu zutenek erabili zituzten hitz arranditsu bertsuak ahoan. Herrira mugimenduak, Salhaketak eta Sanduzelaiko auzo elkarteak, atzo kartzela berriaren aurrean bi orduko protesta egin zutenek, ondo dakite agintarien hitz horiek, inaugurazio eguna iraganik, errealitate gordin bati utziko diotela lekua, Zaballako kartzelan gertatu zen bezalaxe. Izan ere, «ia-ia hotel» gisa aurkeztu zuten horretako baldintzak kartzela zaharrekoak baino kaskarragoak dira presoentzat. Horixe da errealitatea, eta presondegien kudeatzaileen propagandak ez du presoen egoera arintzen, eta are gutxiago alternatiba arrazional eta gizatiarragoak bilatzen.
Agintari horientzat kartzela «traba» egiten duena giltzapetu eta bertan ahanzteko lekua da, baina baita negozio-aukera handia ere, nahiz eta herritarrei gezur bat -presoek jasoko dituzten onurak- agertuz eta egia bat -enpresa pribatu batzuek jasoko duten diru publikoa- ezkutatuz «saldu» nahi dituzten.