GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Bihar diputatu izango direnen hitzak engaiamendu bihurtu behar ditugu»

p012_f01.jpg

Anita Lopepe
EHBai-ren hautagaia laugarren hauteskunde barrutian

Euskara irakasle ogibidez, 36 urteko larzabaldarra Bearnoko zenbait kantonamendurekin partekatzen den barrutian aurkezten da. Une politiko honetan Parisera joango diren hautetsiek, bai Asanblea Nazionalean, bai beren alderdietan, Estatu frantsesa gatazka politikoaren konponbidean inplikatzen ahalegindu behar dutela uste du, besteren artean, baita Ipar Euskal Herriaren aitortza erdiesteko ere.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Bere hauteskunde barrutiko herritar askok abandonatu sentsazioa dute, baina horrek, beren lurraldearen aldeko indarrak berpizten dizkie.

Iaz, kantonamenduetako bozetan, abertzaleek aitzinamendu inportantea izan zenuten. Zer perspektiba dituzue orain?

Oraingoak ez dira hauteskunde berdinak, eta espero ditugun emaitzak ez ditugu 2011ko neurri berean jartzen. Halere, gure helburua boz-kopurua emendatzen joatea da; batez ere, kontestu berezi honetan, abertzale eta ezkertiarren babesa indartu, eta alternatiba sinesgarri bezala panorama politikoan eragiteko.

Bistakoa da, emeki-emeki, abertzaleak sinesgarritasuna irabazten ari zaretela. Nola azaltzen duzu bilakaera hori?

Urteetako lanaren eta kontzientziatze lanaren fruitua dela esango nuke. Horri esker, guretzat betikoak eta funtsezkoak diren aldarrikapenei buruz (euskara, instituzioa...) jarrera bat izatea beharrezkoa da hautagai guztientzat. Beste faktorea da belaunaldi berriek lurralde honi dioten atxikimendua. Garaian abertzaletasunaren inguruan zeuden mamuek gaur ez dute zentzurik belaunaldi horietan. Bozkatzaile berri horietan dago gure indar handiena.

Euskararentzat legea, Anzaren kasua ikertzeko batzorde parlamentarioa, presoak hurbiltzea, lurralde elkargo berezia... Badirudi ia denak ados daudela aldarrikapen horiekin. Benetako eboluzio bat egon da ala politikoki «zuzena» izateko ote da?

Bietatik bada. Egoera berriak Euskal Herrian hainbat aldaketa ekarri ditu, eta lerro politikoak egiazki mugitu dira. Baina egia da ere hauteskunde garaia dela, eta jadanik hautetsi diren hautagai batzuk entzuten direnean «bai, bai... zerbait egin behar da» esaten, bere mandatu osoan ezer konkreturik egin ez dutelarik, uste dut hor hipokrisia parte bat edo elektoralismoa badagoela. Halere, eztabaida horiek guztiak mahai gainean dira eta hori oso positiboa da. Lortu behar duguna da bihar diputatu izango direnen hitz horiek engaiamendu zehatz bihurtzea.

Aieteko Konferentzian izan zinen. Zure barrutiko jendeari gatazkaren konponbidea axola zaio edo hegoaldekoaren arazoa dela uste dute?

Gai honetan ere pedagogia asko egin behar dela uste dut. Gatazka, konpondu... termino horiek jende bati urrun geratzen zaizkio. Askotan gatazka, konfrontazio armatu gisa presentatua da, baina esplikatzen zaienean gatazkaren erroak zeintzuk diren (euskararen egoera, ezagupen eza eta bere egunerokoan horrek dituen ondorioak...), orduan bai inplikatuak sentitzen direla. Lan handia dago egiteko ulertarazteko gatazka ez dela bakarrik konfrontazio armatua.

Nazio kontzientzia, zazpiak bat... kontzeptu horiek aitzinatzen ari al dira?

Kasu honetan ere, askotan termino kontua da. Baina euskal nortasunaren sentimendu hori badu jendeak, eta gainera, indar positibo bezala hartzen du hemengo garapen ekonomikorako, kohesio sozialarentzat... Arrunt positiboki ikusia da euskal nortasuna. Hortik nazio kontzientziara... asko dago lantzeko oraindik.

Kanpainan esan izan duzu barnealdeko jendeak baztertuak dauden sentimendua dutela. Zergatik diozu hori?

Herritarrekin hitz egiterakoan hori sentitu dugu, batez ere, mendi gunetan (Aldudeko bailaran, Zuberoako gainetan...). Gaurko sistema liberala dela medio, eskualde horiek tokirik ez dutela ikusten dute, biztanle gutxi batzuentzat kostu handia suposatzen dutelako zerbitzuetan, bideetan... Gainera, garapen eredua ere oso zentratua da kostaldean eta horrek bertakoengan sentsazio bat eragiten du: «Hemen, guk geuk ez badugu egiten neor ez da gutaz arduratuko». Horrek, bere txarrean, alde positiboa ere badu, jendeak bere geroa, bere lurraldea bere gain hartzen baitu. Ildo horretan, ekimen zehatzak gauzatzen dira, laborariak antolatzen dira, Zuberoan ere zenbait gazte industria berpizteko ahaleginean ari dira...

Zuberoan, gainera, hustuketa prozesua gehitzen da...

Bai. Eta huste prozesu horri egoera administratibo nahiko korapilatsua gehitzen zaio. Zatiketa administratiboarekin Bearnori lotuak daude. Zer egin? EHBai-n garapen ekonomiko arrazoitu eta lokala defenditzen dugu. Gure kontroletik kanpo dauden norabide ekonomiko handien aurrean (mundualizazioa, liberalizazioa...) eremu humanoago batean eragin behar dugu. Guretzat eremu hori Euskal Herria da. Uste dugu zazpi lurraldeen potentzialaren gainean hainbat ekimen gara daitezkeela, garapen ekonomikoa bultzatzeko, enplegua sortzeko eta jendeak bertan bizitzeko aukera izan dezan. Batzuk abian dira jada.

Bertako erakunde bat izateak konponduko al lituzke arazo horiek?

Instituzio batek ez du dena konponduko. Nork eta zer norabideren arabera gobernatzen duen da kontua. Guk bataila bikoitza dugu. Bata, ezkerreko proiektuaren beharraz konbentzitzea, eta aldi berean, proiektu hori aplikatzeko markoa eraiki behar dugu. Bi hanka horien gainean da gure proiektua. Lurralde elkargo batek, beharrezko konpetentziekin, gauzak asko erraztuko lituzke erabakiak hemen hartzeko.

Bigarren itzulian izateko aukerarik ez balu, EHBairi berdin al zaio Lassalle zentrista, UMPko Oxibar edo PSko Maitia izatea hautatua?

Hautatua izango dena Pariseko Asanblea legegilera joango da. Eskuina, ezkerra... ohiko eztabaidatik harago, guretzat une politikoari erantzuteko beharra dago. Edozein hautatua dela ere, ezkertiar abertzaleok, bai berari bai bere alderdi politikoari eskatuko dioguna da fermuki gatazkaren konponketan, Ipar Euskal Herriaren aitortzan urrats erabakigarriak egin dezatela Estatu frantsesa eragile gisa konponbidean inplikatu dadin.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo