Kirol egokituko lagunek jarri diote kolorea Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abentura berriari
«Piraten olinpiadak Txirlabeltzaren uhartean» elkarlanetik jaiotako ipuina da, eta aurkezpena ere halakoxea izan zen, jendetsua. Baikorra ere bai, kirol egokituan gabeziak bertute bihurtzen dituztelako.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Elkarrek eta Katxiporretak kaleratutako azkeneko ipuinaren aurkezpena berezia izan zen. Hainbat jende bildu zen Donostiako Elkar dendaren atarian, eta berehala bete zen kolorez lekua. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek doazen lekura doazela zabaltzen dute bizipoza, baina atzo, batez ere, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideek jarri zuten kolorea, bertako kirolarien ordezkari gisa joan ziren Ane Atxegak, Eugeni Alzibarrek eta Patxi Fadrikek.
Mitxel Muruak idatzi du «Piraten olinpiadak Txirlabeltzaren uhartean» istorioa; marrazkiak, aldiz, Julen Tokerok egin ditu. Hasteko, Muruak hartu zuen hitza eta argitu zuen txirlabeltza berez muskuiluari errateko modua dela: «Hala esaten diote Getarian pirata samarrak baitira». Ipuinean, Txirlabeltz uhartean jokatzen dira piraten olinpiadak, eta Patakonek bertara joatea proposatzen die itsasontziko kideei. Denak pozez zoratzen jartzen dira, baina bekokia iluntzen zaie Patxijaik bera ez dela joanen erraten duenean.
Patxijai tontotzat dute batzuek, baina piratek badakite hagitz adimentsua eta argia dela; bertze ikuspegi batetik begiratzen du eta hala, inork ikusten ez dituen gauzak ikusten ditu. Olinpiadei buruz honakoa erraten du: «Batek irabazteko, beste guztiek galdu behar dute. Irabazlea bakarrik egoten da pozik; gainontzeko partaide guztiek triste eta burumakur bukatzen dute. Eta horrek niri pena ematen dit».
Orduan, jolastera joatea erabakitzen dute, eta Patxijai ere animatzen da. «Jolasean, arauak ez daude hain zehatz jarrita. Ikasteko sistema bat da jolasa, eta ez da jakiten mugak non dauden pasatu arte. Haurrek etengabe pasatzen dituzte mugak, pailazoek ere bai», azaldu zuen idazleak.
Bertuteen arabera baloratu
Pirata kuadrillan denetariko pertsonak daude: Kaxianok ez du ikusten, Amaia Begiluze gorra da... Baina Muruak adierazi zuenez, berari arraroa egiten zaio norbait gabezien arabera baloratzea: «Hobeto da bertuteen arabera egitea», ohartarazi zuen. Hori egiten du ipuinean, eta hori egiten dute Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan.
Ane Atxega igerilaria da, eta hainbat lehiaketatan parte hartzen du bular eta crawl estiloetan. Atzo domina lepoan zuela egin zuen aurkezpena. Bere entrenatzaileak harro azaldu zuen halako gehiago merezi dituela, txapeldun bat delako eta gelditzeko eskatzen dioten arren, beti segitu nahi izaten duelako. Eugeni Alzibar mutiko alaiak eta hizlari onak jarraitu zuen solasean (berak eman zuen ia-ia prentsaurrekoa, bozeramaile papera hartuz) eta agertu zuen igeriketa egiten duela Anek bezala, eta eslaloma eta atletismoa ere bai. Txapelketetan parte hartzen du, eta badu domina, baina argi utzi zuen garrantzitsuena zer iruditzen zaion, federazioan egiten duten bezala, «oso ondo pasatzea».
Porrotxek malabarismoa egiten ezagutu zuen Patxi Fadrike: «Zazpi pilota mugitzen zituen erori gabe!». Patxin eta Potxin pailazo bikoteko kide zen, baita musikaria ere. Emanaldi batetik bueltan, ordea, istripua izan zuen, eta geroztik kirolari egin da. Saskibaloian, palan eta tenisean aritzen da. Jendea animatu nahi izan zuen federaziora hurbiltzera eta kirola probatzera. «Errazak dira kirolak eta jendea ezagutu eta ondo pasatzen duzu». Bai pailazoek bai federaziokoek azpimarratu zuten egun handia zela. Federazioko Amaiak adierazi zuen hagitz garrantzitsua dela kirol egokitua zabaltzea eta haurrek ezagutzea. «Eurengatik egiten dugu lan, eta oso harro gaude». Pailazoek agertu zuten jaso, jaso eta jaso egiten dutela lagun hauengandik. «Gure txikitasunetik handi egiten gaituzte».