GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Denbora

 

Dena dago denboraren kontzeptuari harrigarriki lotuta gure bizitza honetan, eta horrek ongi azaltzen du kartzelaren zergatia. Dena da denbora, dena da gehiegi edo gutxiegi. Maitasuna laburregia da, horra, eta mina, berriz, luzeegia. Zenbat irauten dute Beatlesen kantek? Beti dira motzegiak. Zenbat irauten du ziegako egonaldiak? Beti gehiegi. Denbora kentzen badizut, zer daukazu? Bizitza ustezko bat, fikzio bat, antzerki makabro batean bizitzeko zigor betierekoa. Copito de nieve datorkit gogora, kristal baten atzean gatibu bizi zen tximino hura. Joaten zinen hura ikustera eta han zegoen bere bizitza murriztu hartan. Imintzioak egingo zenituen haren aurrean, haren arreta zeureganatzeko, baina apenas ohartuko zen han zeundela. Zure aurretik milaka lagun ibiliak ziren zure gisara tximinoaren aurrean imintzio ustez barregarriak eginez, eta zure ondoren ere milaka joango ziren asmo kirten antzekoekin. Tximinoak, ordea, aspaldi galdu zuen bizirik zegoelako sinesmena: antzerki amaitezin batean bizi zen, eskaparate eternal batean. Batzuetan zakila atera eta jendearen aurrean masturbatzen zen, besteetan hortzak erakusten zituen, eta baten batek pentsatuko zuen berak egindako imintzioari erantzunez egiten zuela hori elur koloreko piztiak, baina tximinoak ez zekien inor aurrean zeukanik ere: denbora kendu ziotenean, bizitzaren zentzua bera kendu zioten. Botereak ongi ezagutzen du geure beharrizan hori, eta bere zigorrak urteetan neurtzen ditu. Ez bazaude gure alde, denbora kenduko dizugu; aurkakotasun horretan tematzen bazara, denbora gehiago kenduko dizugu; amore ematen ez baduzu, denbora inoiz ez itzultzeko mehatxua egingo dizugu. Nola esaten zaio denbora lapurtzen duenari? Hiztegian begiratu dut, eta ez dakar halako sarrerarik. Hutsune asko ditu hiztegiak.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo