Mikel Zubimendi Kazetaria
William Wallace eta Alex Salmond
Eskoziarrak bi-biak. Gidariak. Karismatikoak. Baikorrak. Eta bien artean 700 urte pasatxo dauden arren, izpirituan sikiera, elkarren jarraipentzat har daitezke, bai.
Wallace, Mel Gibsonek «Braveheart» pelikulan jokatu zuena, okupazio ingelesaren aurka armak eskuetan altxatu zen. Bere herriarentzat harrotasuna eta ohorea berreskuratu zituen, bere aukerengan konfiantza. Ingelesek harrapatu zutenean, Londonera eraman, traizioagatik kondenatu eta exekutatu egin zuten. Eskoziar matxinoak eskarmentatzeko, lepoa hautsiko ez zion tokitik urkatu zuten. Artean bizirik zela, zikiratu eta tripak atera zizkioten. Gero, burua moztu eta laurdenkatu zuten. Gorpuzkinak puntu kardinaletan lurperatu zituzten, ingelesen dominioa nabarmendu eta lurraldetasuna zedarritzeko. Beldurgarria benetan. Ongi gogoan dute eskoziarrek hau.
Salmondek ez du halako tratuen beldurrik. Eskoziako lehendakaria da. Ia 25 urtez Scottish National Partyko buru izan da eta finezia taktiko handiz eta sen politiko handiagoaz, bazterreko alderdi ia folklorikoa izatetik, Eskoziako indar politiko dominan- tea egiteraino gidatu du independentismoa. Iazko maiatzetik gehiengo absolutua du. Herritarren onespena, munduaren arreta eta aurkarien aitorpena bereganatuta independentziaren gaineko galdeketaraino eraman du Eskozia.
Obamak Illinoisen politiko gisara bere karrera hasi zuenerako, Salmondek «Yes, we can» esaten zien eskoziarrei. Barre egiten zioten britainiarrek. Orain, «Financial Times»-en arabera Britainia Handiko «politikari azkarrena» da. Rupert Murdochek dio ezagutu duen politiko «bikainena» dela. «Times» kontserbadoreak «2011ko britainiarra» saria eman zion. Salmondi ez zion grazia handiegirik egingo, edo igual bai. Elisabeth II.a erregina Eskoziako Balmoral udako gazteluan sarri ikusten dute Salmondekin, kronikek diotenez, bien pasioaz -zaldiak- mintzo omen.
Demokratikoki, lan militantearen eskutik, Westminsterreko bullying eta intimidazioei -«independentzia ezin duzue ordaindu»- aurre eginez independentziaren atarira ekarri du Eskozia. Lau milioi eskoziarrek dute azken hitza. Dagoen tokitik, pozarren egongo da Wallace Salmondekin. Haren haziak eman du fruitua.