Hizkuntza eskubideak aldarrikatuko dituzte Goizuetan UEMA Egunean
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
«Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari» lelopean UEMA Eguna ospatuko dute larunbatean Goizuetan. Mankomunitate honetako presidente Maren Belastegik nabarmendu zuenez, Nafarroa aukeratu izanak badu arrazoirik.
«Argi eta ozen aldarrikatu nahi dugu, enegarren aldiz, eremuen araberako banaketak desagertu egin behar duela, hizkuntza eskubide berberak eduki behar dituztela goizuetarrek, tafallarrek, erronkariarrek, lekunberritarrek, iruindarrek, lodosarrek, lizarratarrek eta tuterarrek, eta horiek guztiek aramaioarrek, gatikarrek edo zumaiarrek dituzten eskubide berberak eduki behar dituztela».
Halaber, UEMAk jokatu beharreko paperaz ere aritu zen Belastegi: «Hizkuntza eskubideen aldarrikapen eta lorpenean aitzindari izan behar dugu, UEMAri dagokio helburu horietarako aitzindaritza lana egitea, aurrerapausoak ematea».
Azkenaldian helburu hori ahuldu eta zerbitzuak eskaintzen zentratu direla gaineratu zuen Belastegik.
Alaitz Escudero Goizuetako zinegotzi eta Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko presidenteak euskararen arloan egin dituzten murrizketak kritikatu zituen, eta nabarmendu zuen indar handiagoa egin beharko litzatekeela hizkuntza politika aurrerakoia egiteko.
Goizuetako hitzordurako egun osoko egitaraua prestatu dute. Ekitaldi nagusia 13.30ean izango da eta beste bost herri sartuko dira UEMAn: Igantzi, Getaria, Manaria, Oñati eta Ondarroa. Orotara, 24.000 biztanle biltzen dituzte herri hauek.