GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | SELEKTIBITATEAREN HASIERA

Hego Euskal Herriko 12.000 gazte ingururen etorkizuna jokoan da

Batxilergoa bukatu duten Hego Euskal Herriko 12.000 ikasle inguruk unibertsitatera sartzeko probei ekin zieten atzo. GARA, Leioako EHUko campusera hurbildu zen, Medikuntza eta Odontologia Fakultatera hain zuzen ere. Bertan lehenengo proba egin zuten ikasleen sentsazio eta iritziak jaso zituen. bihar bukatuko dira azterketak.

p017_f01_200x105.jpg

Urduritasuna eta ezinegona ziren nagusi atzo Leioako EHUko campusean. Ikasleek selektibitateko lehenengo proba egin eta aurreneko atsedena goizeko hamar eta erdiak aldera izan zuten. Tarte horretan Medikuntza eta Odontologia Fakultatean azterketa egin zuten hainbat ikaslek lehen eguneko sentsazioak azaldu, selektibitatearen gaineko iritzia plazaratu eta etorkizunean zein ikasketak egingo dituzten adierazi zioten GARAri.

Nagore Juares, Basauriko Uribarri Ikastetxeko ikasleak, Arte Ederrak ikasi nahi ditu eta hauxe zihoen: «Oso urduri gaude. Aldez aurretik prestatu beharreko proba da selektibitatea. Bakoitzaren maila zein den jakiteko beharrezkoa dela iruditzen zait, baina azterketa batetik bestera denbora gehiago egon beharko litzateke, bestela ezinezkoa da duzun gaitasun guztia erakustea».

«Astearte gauean oso urduri nengoen; gaur hobeto nago, ea selektibitatea gainditzen dudan oporretan lehenbailehen joateko; horrela ez bada, uztailera arte ikasi behar». Beñat Zaldua Gernikako Barrutialde Ikastetxeko ikaslearen hitzak dira. Bere iritziz, «gai gehiegi jorratzen dira selektibitatean eta azterketak etorkizunean ikasiko duzunarekin bat datozen galdera zehatz gehiago izan beharko lituzke». Etorkizunera begira, bi aukera ditu buruan Beñatek: «Enpresa Zientziak egiteko asmoa dut; 6,5 inguruko nota eskatzen dute; iristen ez banaiz Finantza Zientziak ikasiko ditut».

Ander Larramendiarruti Juan Fray Zumarraga Durangoko ikastetxeko ikasleak ere eman zigun bere iritzia: «Esperientzia berria da guretzat eta orokorrean nahiko urduri gaude. Azkenaldian eskolako liburutegian isiltasuna egon beharrean ezohiko burrunbada egon da». Hala ere, Anderrek aurrerantzean egin beharrekoak argi ditu. «Gainditu edo ez oporrak hartuko ditut eta etorkizunean Zuzenbidea ikasteko asmoa dut. 6,5eko puntuazioa eskatzen dute eta hori lortzea espero dut».

Ikastetxe bereko Andrea Ibarralutizen egonezina ere nabaria zen. «Ikasgelan oso ondo prestatu dugun arren, urduritasuna agertzen denean zalantza asko sortzen dira». Hala ere, gainditu ala ez oporrak hartuko dituela ziurtatu zuen. Bestalde, selektibitatea egitearen kontra agertu zen Andrea: «Ez nago ados azterketa honekin, urte osoa hiru egunetan erabakitzen delako. Horregatik oso arriskutsua dela uste dut». Hurrengo urtean, Gasteizen, Gizarte Langintza egiteko asmoa du «bosteko puntuazioa exijitzen dute eta gainditzea nahikoa dut» lasaitu zuen bere burua.

Iker Montero Bilboko Gabriel Aresti Ikastetxeko ikasleak honakoa adierazi zuen: «Betikoa da. Ikasiz gero, ez dago problemarik; ikasi ez duenak izango du arazoa, materia asko delako. Ni behintzat nahiko urduri nago, etorkizunera begira hiru egunok garrantzia itzela dutelako». Bestalde, Ikerrek selektibitatearen inguruko iritzia ere eman zuen: «Ez da oso erabilgarria, nik adibidez Ingeniaritza Industriala egin nahi badut, ez dakit zergatik egin behar dudanhistoriari buruzko azterketa».

Bilboko beste ikastetxe batetik, hain zuzen Begoñazpi Ikastolatik etorritako Mikel Nuñezek bere ikuspuntua eman zigun: «Begoñazpin astebeteko ikastaroa jasotzen dugu selektibitatea prestatzeko eta nahiko ondo ailegatu naiz. Hala ere, gainditu ala ez oporrak ez dira faltako». Etorkizunari begira erronka latza du Mikelek; «Biologia egin nahi dut eta 8,6ko puntuazioa eskatzen dute».

Selektibitatearen bigarren egunean, gaur, 9.00etatik 18.45era izango dira azterketak. Bihar, azken eguna izango da eta probak 9.00etatik 15.00etara egingo dira.

Ikasle Abertzaleak, kontra

Ikasle Abertzaleak antolakundeak, selektibitatea salatu eta Euskal Curriculuma aldarrikatzeko asmoz, egun hauetan unibertsitate ezberdinetan ekimen eta kontzentrazioak antolatu ditu.

Antolakundeak plazaratutako agirian gogor kritikatu zuten selektibitatea: «Bi urtetan zehar batxilergoko ikasle batek barneratutakoa, hiru eguneko azterketa itogarrian birproduzitu behar du, eta hor lortutako nota izango da etorkizunean gauza bat edo beste ikasteko aukera emango duen bakarra».

Bestalde, sistemaren beharretara egokitutako proba dela salatu zuten: «Euskal ikasleoi, ez dagokigun curriculum arrotza inposatu eta selektibitatea egitera kondenatzen gaituzte. Alde horretatik, ebaluazio sistema bidegabea eta Euskal Herriaren mesederako ez den azterketa oro salatu zuten.

Jon ADAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo