GARA > Idatzia > Mundua

Crónica | Palestina

Futbol selekziotik Israelgo ziegan hilzorian izatera

Mahmud Sarsak, Palestinako futbol selekzioko jokalariak beste 2.000 preso palestinar ingururekin batera ekin zion gose grebari, eta jada 83 egun daramatza mokadurik egin gabe. Gainerako kideek maiatzaren 14an utzi zuten greba, kartzelako zuzendaritzarekin baldintzak hobetzea adostuta, baina Sarsak baraualdian jarraitu zuen heriotza ate-joka izan arren.

p025_f01-148x124.jpg

Garazi MUGERTZA

Orain, Israelgo Gobernuak bere abokatuari jakinarazi dionez, heriotzaren atarian den futbolari palestinarra aspaldian behar zuen askatasuna eskuratzear da. Joan den abuztuan ere antzeko jakinarazpen bat jaso zuen, ondoren bete ez zena -hori izan zen gose greban jarraitzeko arrazoia- eta aurrekariak kontuan izanda, Sarsak aske denean soilik jango duela adierazi du.

Hainbeste egunetako barauak, ordea, ondorio latzak ekarri dizkio bere osasunari, muskulu-masa galdu eta izugarri argaldu izanaz gain, zorabioak, oroimen galera txikiak eta entzumenaren galera jasaten ari da. Egoera honen ondorioz ostegunean ospitalera eraman behar izan zuten, kartzelako sendagileek bere bizia arriskuan zela adierazi ondoren. Bertan, aldiz, ez zuten presoa ospitalizatzea beharrezkotzat jo. Bere osasuna hondatzen hasi zenetik, Ramlehngo kartzelako ospitalean dute.

Sarsak 2009ko uztailaren 22an atxilotu zuen armada israeldarrak Erezko (Gaza) kontrolgunean, Palestinako futbol taldearekin Balata (Zisjordania) errefuxiatu eremuan partida bat jokatzera zihoanean. Atxilotu ostean Ashkeloko kartzelara eraman, 30 egunez galdekatu eta «borrokalari ilegalen» legearen pean kartzelatu zuten. Ordutik ez du bere senideekin hitz egiteko, ez eta hauek ikusteko aukerarik izan, eta kargurik gabe, epaiketarik gabe, atxiloketaren arrazoirik jaso gabe hiru urte beteko ditu giltzapean.

Sarsaken senideek nazioartearen zein munduko futbolarien babesa eskatu dute behin eta berriz, aske utz dezaten exijitzeko, eta Gobernu zein nazioarteko erakundeak presionatzeko eskatu, Israelgo Gobernua palestinarren auzian nazioarteko oinarrizko eskubideak betetzera behar dezaten. Euskal Herritik, besteak beste, Juan Iribarren (prestatzaile fisikoa), Patxi Puñal (Osasunako kapitaina), Cesar Krutxaga (Osasunako kapitain ohia) eta Carlos Gurpegi (Athleticeko kapitaina) jokalariek munduko beste hainbat futbolarirekin batera, arau-hausterik ezean Sarsak askatzeko, eta arau-hausterik izanez gero dagozkion eskubideekin epai dezatela eskatu dute.

Sarsakek, besteak beste, bere erabakitasunari eta nazioartean zein palestinar herrian izandako oihartzunari eta babesari esker Israelgo Gobernuari presio egitea lortu eta eskubide duen askatasuna eskuratuko du, baina 4.000 baino gehiago dira Israelen bahituta dauden palestinar preso politikoak.

Akram Rejawiren kasua

Antzeko egoeran dago Akram Rejawi presoa 57 egun gose greban igaro ondoren. Asma, kataratak eta diabetea pairatzen ditu eta jada izugarri argaldu da. Bera ere hilzorian dago, bere gaixotasunen eta gose grebaren nahasteak egoera okertzen baitu. Adituek presoa ospitalizatzea beharrezkotzat jotzen dute.

Rejawik bere gaixotasunagatik behar duen tratamendua jasotzeari uko egin dio kartzelako medikuenganako mesfidantzaz. Horiek bortxaz elikagaiak sartu dizkiotela erantzunez mehatxatu dute eta tratamendua hartzera behartzen saiatu dira.

Palestinarra 2004ko ekainaren 7an atxilotu eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kartzelan daramatzan egunak kontuan izanda, Rejawi kalean egon zitekeen, baina Gobernu israeldarrak aukera horri uko egin dio.

Eskubide Zibilen Aldeko Medikuek (PHR-Israel) eta Palestinako Giza Eskubideen Zentroak (PCHR) NBEri esku hartzeko eskatu diote, «Sarsak eta Rejawi berehalako heriotzaren aurrean» baitaude.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo