GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega

Lizaso izango da Gipuzkoako Txapelketa irabazteko faborito nagusia

Jon LEUNDA

Joan den astean emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa jokatu baldin bazen, bihar gizonezkoena erabakiko da Oiartzunen, Pikoketako belardietan 12.00etan. Hiru segalari izango dira lehian, eta Juanjoxe Lizaso izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Garikoitz Etxeberria eta Mikel Alkorta ere arituko dira nor baino nor.

Ordubeteko saioa egin beharko du segalari bakoitzak, eta kilo gehien ebaki eta pilatzen duenak irabaziko du txapela. Pisura erabakiko da txapelketa, baina segalariek txukun ebaki beharko dute belarra, bestela, zigorra jaso dezakete kirolariek.

Iazko partaideekin alderatuta, aurten Jokin Etxeberria, Arkaitz Arteaga eta Iban Pardo ez dira arituko, eta Garikoitz Etxeberria izango da berritasuna. Emaitzei begiratuta, Lizasok jantzi zuen txapela, orain bi urte egin zuen bezalaxe. Joan den urtean Lizasok 3.459 kilo moztu zituen, eta bigarren Alkorta sailkatu zen 3.212 kilo belar moztuta. Orain bi urte, berriz, Lizasok 2.872,5 kilo moztu zituen, baina hori belarraren arabera ere izaten da.

Sokatiran, 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, 17.30ean Erandio Goikoan. Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B eta Mutriku lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Erandioko taldea izan zen nagusi, eta gaur garaipena erdiesten baldin badu, txapela ia-ia poltsikoan izango luke. Badirudi lehen postua ia erabakita dagoela, eta lehia bigarren posturako egongo dela Goiherri B eta Gaztedi taldeen artean. Lehen jardunaldian oso neurketa parekatua izan zuten bi taldeek.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako jardunaldia jokatuko da bihar 13.00etan Gallartako Dolores Ibarruri plazan. Gallarta, KZ Kolpeka, Trapagaran eta Kabiezes neurtuko dira nor baino nor. Gallarta etxean arituko da, eta saiatuko da bere zaleen aurrean garaipena erdiesten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo