GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Igorre euskararen alde `mile baietz'» enbidoa bota dute gaur sanantonioetan

«Euskaraz bizi gura dut» eguna ospatzen dute Igorren. Lelo hori elastikoetan eta hainbat euskarritan jarriko dute ikusgai. Gainera, erronka ere jarri dio herriak bere buruari: «Euskararen alde `mile baietz'». Mugara iritsi eta gainditzeko aukera ere badago parte hartzea indartzea lortu duten jaietan.

p021_f03_122x092.jpg

Nerea GOTI | IGORRE

Sanantonioak hasi baino ez dira egin. Aurten, Agustin Elexpe aguazilari egokitu zaio jaiei harrera egiteko ohorea. Urteetan jaietan izan duen inplikazioa aitortu nahi izan dio Jai Batzordeak ardura hori emanez. Udaletxeko balkoitik Elexpek botatako hitzek eta etxafuegoen jaurtiketak jai giroan jarri zuen Igorre atzo, eta gaur ere jaiak erronka ugari dakar. Festen antolakuntzan dabilen batzordeko ordezkariek diotenez, parte hartzea handia bada ere, horretan sakontzea da helburu nagusia oraindik.

Hala, egitarauari begiratzea baino ez dago zeri buruz ari diren jakiteko. Intxaurbizkar kultur elkarteak bota duen enbidoak pizten du jakin-mina. «Igorre euskararen alde `mile baietz'» dio deialdiak eta hamabi orduko muga zehazten du. Goizean goiz hasiko da, 9.00etan, eta 21.00ak arte eman dute mila kilometro egiteko epea. Baina, nola? zertarako?

Erronka handia da, baina jendea gogotsu ibiliz gero, ez da batere zaila, eta mila kilometro horiek gainditzeko aukera ere ikusten dute batzuek. Hirigunean zehar ibilbide bat antolatu dute, eta horren barruan zenbait gune zehaztu dituzte. Mendi martxa bat izango balitz bezala, norberak nahi duen orduan eta inguruan zati bat egin eta hori txartel batean azalduko dute antolatzaileek. Kilometro inguru dauka ibilbideak eta ez da beharrezkoa dena jarraian egitea. «Bakoitzak bere ibilbide zatia egingo du, nahi duenean eta nahi duen tokitik. Guztiek egindako zatiekin osatu behar ditugu mila kilometro, baina ea mila baino gehiago lortzen ditugun», nabarmendu zuen Karmele Aurrekoetxea Kultura, Kirol eta Euskara zinegotzi arduradunak.

Gaur, paella jateko

Euskararen aldeko enbidoaz gain, jaietan ere euskara bultzatzea azken urteetako zeregin nagusietako bat izan da Igorren. Egungo datuen arabera, igorreztarren %68 euskaldunak dira, baina erabilera %40 inguruan dago. Aurrekoetxeak azaldu zuenez, neurketa berri bat egin da eta emaitzak oraindik ezagutzen ez badituzte ere, erabilera apur bat igoko zelakoan daude. Jaietan murgilduta dagoenak badaki gaur Igorren bazkaltzeko zein menu duen: gaur paella da nagusi, tortillak datorren ostiralera arte itxaron behar du eta. Olabarriko zirkuituan ehunka lagun daude deituta ohiko txapelketan parte hartzeko.

Izan ere, aipatu bezala, parte hartzea bultzatzea izan da Jai Batzordearen helburu nagusia azken urteotan. Gotzone Arrizabalaga batzordeko ordezkariak azaldu duenez, parte hartzea landu dute bereziki eta badirudi emaitzak onak eman dituela. Jai Batzordean bertan 12 kuadrilla inguruk hartzen dute parte, adin guztietakoak, eta ondoan kultur eta kirol taldeak ere lanean ari dira jaiak antolatzen, guraso elkartearekin batera.

Aurrekoetxeak dioenez, herritarren parte hartzea etengabe landu behar da hainbat ikuspuntutik eta, jaiei dagokienez, Igorren esan daiteke herriak herriarentzako eginak direla. Zinegotzia Jai Batzordeko beste kide bat baino ez da, zehaztu zuenez, eta Udalari baliabideak eta laguntza ematea egokitzen zaio. Ikuskizunak eta ekitaldiak xumeak badira ere, parte hartzean, sortzen den giroan, dago jaien arrakasta.

Bestalde, gautxorientzako eta Arratiako Mankomunitateak antolatuta, 2.30ean eta 4.30ean autobusak irtengo dira Igorretik, eta Bizkaibusi zerbitzua indartzeko eskatu diote.

elkartasuna

Sei txosnek osatzen duten gunean, eskualdeko errepresaliatuei elkartasuna adierazteko jaietako ohiko ekitaldia izango da gaur gauerdi aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo