GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga | Filosofian lizenziatua

Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu?

ETAren borroka armatuaren porrotaz hitz egiten da gaur egun han eta hemen. Galdera asko egin daitezke horren inguruan. Esaterako: borroka armatuak porrot egin du? Porrot militarra izan dela suposatuta ere, porrot politikoa izan ote den galdetu daiteke. Izan ere, porrota eta arrakasta oso kontzeptu erlatiboak dira, maila askotan analizatu daitezke. Maiz, maila batzuetan porrot egiten denean beste batzuetan irabazi egiten da. Esaterako, maila militarrean gal daiteke, baina politikoan eta moralean irabazi (edo alderantziz). Dena den, lehenik eta behin, barkatuko didazue gaiaren gordintasunagatik. Gaiaren eta galdera hauen interesgarriena honen inguruan sortzen diren aurresuposizioen hausnarketa da, ez erantzuna bera. Gugan eragin ditzakeen hausnarketa eta birplanteamendua ezinbesteko osagai dira kultura kritiko bat lantzeko. Izan ere, errealitate bat desagertu da, baina ez ditu berarekin eraman hark eragiten zituen kezka eta galderak. Kezka hauek gure intelligentsiaren kezka izateari utzi diotenean (zati batek biolentzia erabiltzeari utzi izanak biolentziaren eztabaida desagerrarazi duela pentsatzen baita!), aurretik genituen eskema zaharrak petrifikatu eta errepikatzea ekarri du. Eta ezinbestekoa da zintzilik utzi diren hausnarketa hauei berriz heltzea: dogma zaharrak errepikatuz ezin baita ezer onik atera.

Jakitun gara noski, momentuan borrokan dagoena ez dela txantxetakoa eta ezin dela etengabe guztia birplanteatzen egon. Izan ere, borroka politikoaren helburu garrantzitsuetako bat gertakari sozialei esanahia eta interpretazio propioa ematea den heinean, borroka politikoa irabazi nahi duenak, borroka militarra baino, gertakari sozialen inguruko esanahiaren gerla irabazi beharra dauka. Horretarako ziurtasunak behar izaten dira. Gaizki eraikitako ziurtasunek, ordea, azpian aitortu gabeko suposizio gotortuak izaten dituzte. Eta hain zuzen, borroka armatuaren garaipen/porrotaren edo zilegitasunaren gai honen azpian aurresuposatzen diren galderak, etikaren eta politikaren arteko loturarenak, biolentziaren zilegitasunari buruzkoak, bitartekoen eta helburuei dagozkienak, eta abar, beharrezkoak dira gure dogmen azpian dauden suposizioak azaleratu eta galdera zaharrak kuestionatzeko. Ikusiko dugu, suposizio hauek kuestionatuz, azkenean galdera basikoenera helduko garela beti, gizakiaren kontzeptura.

Biolentzia zilegi ote da? Bi aukera ditugu: 1) printzipio moraletatik ebatziko dugu galdera; edo, 2) arrakasta eta efikaziaren terrenotik (politikoa). Euskal Herrian lehen erantzuna demokratiko eta etikotzat kontsideratzen da, bigarrena inmorala eta biolentziaren apologia: kultura katoliko batean bizi garen seinale. Lehenak irizpide absolutu bat jartzen du ekinbide politiko bat zilegi den edo ez erabakitzeko: legea, giza eskubideak, demokrazia... Esaterako, edozein biolentziaren zilegitasuna herriaren nahian oinarritzen da: herriak nahi badu, zilegi da; eta alderantziz. Baina zenbat gerra egin dira gutxiengo baten interesengatik? Nola adierazten du «libreki» gehiengoak zer nahi duen? Nola adierazten da biolentziaren inguruan herriak nahi duena? Iraultza guztiak gutxiengo batenak izan baitira, gutxi batzuek pentsatu eta abiaraziak. Aldiz, bigarren erantzunak, edozein ekinbide politikoren arrakasta edo porrot politikoa hark lortu nahi zuen helburuaren emaitzari erreparatuz neurtzen du. Eta helburuak lortu ezean, hura lortzeko baldintzak lortu ote diren ere begiratzen du. Bi irizpideak bata bestearen kontrakoak dira, hortaz. Horrenbestez, kontua honakoa da: nola uztartzen ditugu? Uztartu behar al dira? Helburuak bitartekoak zuritzen ditu?

Gai hau tranpaz eta dogmez beterik dago. Izan ere, gaur eta hemen elkarbizitza oinarritzeko guztientzako balio berdinen aitortza publikoa egiteko exijitzen dute estatuak eta bere txotxongiloek (adibidez, «helburu politiko batek ez du biolentziaren erabilpena justifikatzen»), kritikoki pentsatzera bultzatu ordez. Eta adierazpen publikoa egitea ere ez da nahikoa izaten, sentitu egin behar da esandakoa. Diktaduretan halaxe exijitu ohi da. Horrela, etikaren eta politikaren arteko arazoa erraz-erraz konpontzen da: nire etika onartu ezazu, joko politikoan parte hartu nahi baduzu bederen. Justizia eta elkarbizitzarako zimendu ezin hobea, alajaina! Ze arazo dago guzti honen atzean? Hain zuzen, helburuak bitartekoak justifikatzen ez omen dituen ideia.

Horixe esatea da «demokratikoa»; helburuak (Euskal Herriaren askatasuna) ez ditu bitartekoak (borroka armatua) justifikatzen. Dogma baten gisa errepikatzen da. Noski, helburuak bitartekoak justifikatzen ez dituela esateak helburuen eta ekintzaren aurretik moral absolutu bat aurresuposatzea dakar beti. Hortik helburu politiko absoluturik ez dagoela ondorioztatu nahi izaten dute batzuek (baina hori norbaitek ukatzen al du?), azpitik balio absolutuak daudela aldarrikatuz! Adibidez, «biolentzia ez da zilegi, giza bizitzaren errespetua ukiezina delako». Hortaz, helburuek bitartekoak zuritzen ez dituztela, bakarrik moral bat aurresuposatuz esan daiteke. Morala politikaren aurretik jartzen denean (eta ez edozein moral, katolikoa baizik!), noski, gizakiaren kontzeptu bat ere suposatu egiten da, katolikoa bera. Beraz, afera honetan gertatzen dena da, edozein ekinbide politikoren zilegitasuna aldez aurretik batzuek erabaki duten gizakiaren kontzepzio eta moral batekin erabakitzen dela. Baina non dago gizakiaren kontzepzio hori? Non dago balio absolutu hori?

Batzuek bitartekoen zilegitasunaren muga biolentzia espresio baten aurrean barruan guztiok sentitzen omen dugun kommozioan jartzen dute. Baina sentimendu bat bada, ezin da morala izan. Are gehiago, ekintza baten aurrean denok berdina sentitzen ez dugunez (esaterako, Asturiaseko meatzarien eta guardia zibilen arteko enfrentamenduetan denok ez dugu berdin sentitzen zauritua guardia zibila izan edo meatzaria izan), ez digu baliozko irizpide bezala balio edozein biolentzia bidezko ekinbidea den edo ez deliberatzeko. Batzuen soluzioa honen aurrean hau izaten da: denok berdin sentitu behar dugu! Eta hala sentitzen ez badugu, ez daukagula gizatasunik, oraindik ibilbide demokratikoa egiteke daukagula, eta abar, esango digute. Gizatasuna moral katoliko-apostolikoaren onarpenak bakarrik emango balu bezala! Baina sentimenduak de facto guztiok ez ditugu berdinak: hortaz, ezin dira printzipio moralaren mailara altxatu. Ez digute balio elkarbizitzaren oinarri bezala. Izan ere, giza bizitza edo duintasuna non dira absolutuak? Paperean izango da segur aski, errealitatean ez baitira inon ikusten!

Hortaz, helburuak bitartekoak justifikatzen ote ditu? Giza ekintza oro, beti helburu batek justifikatzen du (ez edozein helburuk!). Ondoren helburu horrek ere, noski, bitartekoak justifikatu egiten ditu (ez edozein bitarteko!). Suposaturik helburua ontzat ematen dugula, bitartekoak helburuak justifikatzen duela pernandoren egia sinple bat da. Weberren proposamena izan da, hori kontuan hartuz, gizartea eta bere ekintzak moral absolutu eta dogmatiko batean oinarritu ordez («ez egin hau», «hori inmorala da», «sentitu ezazu hau»...), moral arrazional batean oinarritzera pasatzea. Horrela, arrazionalena momentu oro helburu konpartitu bati hoberen egokitzen zaion bitartekoa praktikatzea litzateke, ondoren horrekin kontsekuente izanez. Afera betikoa da, ekintza politikorako muga etikorik al dago? Bitarteko bati zilegitasuna zerk ematen dio? Helburuak bakarrik? Ez, noski. Argi dagoena, ordea, zera da: muga ezin dela arrazionalki edo dogmatikoki inposatu.

Mugak gizarteak eraiki behar ditu. Hortxe dago koska. Printzipio etiko edo balio absolutuak ezin dira izan giza eskubide guztien aitortza edo justizia eraikitzeko printzipio moral eztabaidaezinak: aitzitik, haiekin batera lortu behar diren helburu (edo bitarteko, kasuan kasu) politikoak baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo