GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lehen itzulian MoDemeko hautagaien emaitzak bereziki behatuko dira

Legebiltzarreko diputatuak aukeratzeko lehen itzulia dute gaur Estatu frantsesean. Ipar Euskal Herriko 220.000 hauteslek 40 hautagai dituzte aukeran. Egungo hiru diputatuak kargua berritzeko asmoz aurkeztu dira. Zailtasun handienak 4. barrutiko Jean Lassallek izango ditu.

p017_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Asanblea Nazionalerako bozetarako aurkeztu diren berrogei hautagaietatik Ipar Euskal Herriko boto-emaileek hiru diputatu aukeratu beharko dituzte, barruti bakoitzeko bana. Gaurkoa, lehen itzulia izango da eta, gutxienez, erroldako 220.000 herritarren %12,50en babesa erdiesten duten hautagaiek soilik izanen dute lehian jarraitzeko aukera eta, horrenbestez, datorren igandean egingo den bigarren itzulian aurkeztekoa.

Bozen erdia baino gehiago eskuratuta, gaur inor hautatua suertatuko ez balitz, hurrengo igandean neurtu beharko du aipatu %12,5 lortu duen edo duten hautagaiekin. Izan ere, normalean norgehiagoka horretan bi hautagai bakarrik geratzen diren arren, hiru ere izan litezke, eskatzen den portzentajera iritsi ostean bietako baten alde erretiratzea deliberatzen ez badu.

Hauteskunde-barrutiak kantonamenduez osatuak dira. Pirinio Atlantikoetako departamenduaren administraziopean izaki, Ipar Euskal Herrikoei 4., 5. eta 6. barrutiak dagozkie. Laugarrengoan, Nafarroa Behereko hainbat kantonamenduz eta Zuberoakoez gain, Bearnoko beste zortzi daude; barruti euskal-bearnesa deitzen zaio horregatik. Bosgarrenak, Baiona, Angelu, Biarritz, Bastida, Hiriburu eta Bidaxuneko kantonamenduak hartzen ditu bere baitan; eta, seigarrena, berriz, Lapurdiko kostaldeko eta barnealdeko gainerakoak.

Egungo hiru diputatuak berriz ere aurkeztu dira. Presidentetzarako bozetan izandako emaitzak aintzat hartuta, seguru asko Jean Lasselle zentristak (4. barrutia) zailtasun handiak izango ditu, agian, baita bigarren itzulira pasatzeko ere.

MoDemen geroa jokoan?

François Bayrou MoDemeko presidentearekin batera, bera da gaur egun alderdi zentristak duen diputatu bakarra. Beraz, bien ala bien emaitzak gertutik jarraituko dira indar politikoaren etorkizunean ere zerikusi handia izango dutelako.

Jean Grenetek ere (5. barrutia) ez du bide erraza izango Colette Capdevielle (PS) parean izanda, baina ez luke bigarren itzulira iristeko arazorik izan behar. Antzeko zerbait aurreikusten da Michele Alliot-Marieren (6.) kasuan. Halere, interesgarria izango da bere emaitzak ikustea, ezkerreko bozak ere asko emendatu baitira barruti horretan.

EHBaik, berriz, 2007an lortu boz kopurua, 10.676, (%8,10) gainditzeko parioa du aitzinean.

NAIZ, KAZETA, JPB

Hauteskundeen emaitzen jarraipena egingo dute Naiz.info, Kazeta.info (euskaraz) eta Euskal Herriko Kazetak (frantsesez) Lejpb.com helbidean arratsaldeko zortzietatik goiti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo