GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Volcom Fiji Pro: Olatu perfektuak eta lehia gogorra

WCT itzuliko laugarren proban olatuak perfektuak izan dira eta lehia gogorra; ondorioz ikuskizuna ere itzelezkoa izan da.

p046_f01_97x140.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Volcom Fiji Pro, WCT itzuliko azken proba, Kelly Slaterrek irabazi du. Joan den ekainaren 11n amaitu zen 10 probetako laugarrena. Ikusmin handia sortu zuen txapelketa honek, aspaldi bertan ez baitzen txapelketarik izan. Izan ere Cloudbreak izeneko olatua mundu guztian famatua izan arren, azken urteetan inork gutxik izan du bertan surf egiteko aukera, eremu pribatua izan baita.

Gazteak vs beteranoak

Lehiakide beteranoek ezagutzen zuten olatu hau, aurrez bertan txapelketa andana egin izan baita, baina gazteenentzat lehen aldia zen. Zentzu horretan ere bazen jakin-mina ikusleen artean. Lehiakide berriek erronkari aurre nola egingo ote zioten galdetzen zuen zenbait esatarik eta askok beteranoek abantailarekin jokatzen zutela ere aipatzen zuten.

Olatu ikaragarriak izan ziren txapelketan zehar, handiak eta zailak, eta, dudarik gabe, lehiakide beteranoak gailendu ziren, baina gazteen artean ere izan zen erronkari bikain eutsi zion lehiakiderik, Gabriel Medina brasildarra kasu.

Finalerdietan adibidez, lau lehiakidetik hiru 30 urtetik gorako surflariak ziren, Mick Fanning (30), C.J.Hobgood (32) eta kelly Slater (40). Medinak aldiz, 19 urte baino ez ditu eta, beraz, haien arteko tartea nabarmena zen; hori surf egiteko moduan ere ikus zitekeen.

Gauzak honela, sekulako ikuskizuna eskaini zuten den-denek. Izan ere, olatuak handiak ziren, tubo handiak zeuden eta surf egiteko teknika handia behar zen.

Olatu aukeraketak ere berebiziko garrantzia izan zuen, olatuak onak izan arren, berauek menderatzeko olatu egoki bat aukeratzea zaila baitzen, eta horretan asmatzen zuenak puntu gehiago lortzeko aukera gehiago zeukan.

Dudarik gabe, beteranoak izan ziren olatu aukeraketan asmatu zutenak eta haien esperientzia gutxietsi behar ez den osagai bat dela erakutsi zieten gaztetxoenei.

Puntuazio oso altua jaso zuten olatuak ikusi ahal izan ziren. Ezinezkoak ziruditen tuboak egin zituzten lehiakideek, guztiz desagertu eta azken momentuan agertzen ziren berriz ere. Esatariek oihu egiten zuten zenbaitetan eta aspaldiko puntuazio handienak jaso zituzten zenbait lehiakidek.

Puntuazio altua

Itsasoko baldintzek eta zenbait lehiakidek egin zuten ekimen bikainak puntuazio oso altuak eragin zituen zenbaitetan. C.J Hobgood lehiakideak, esaterako, itzelezko olatuak egin zituen.

Azkenaldian nahiko zorte txarra izan du lehiakide Hobgoodek, eta bere potentziala surflari orok aitortzen duen arren, azken hilabeteetan ez du emaitza onik lortu, ezta beretzat baldintzak egokiak izan direnean ere.

Hobgoodek, 9,97 puntuko olatu bat egin zuen final-laurdenetan; sekulako olatua izan zen. Honela mintzo zen uretatik irten zenean: «Banekien halako olaturen bat agertuko zela eta han nengoen zain, eta azkenean agertu zen, eta egin nuen».

Tuboez gain, lehiakideek bira indartsuak ere egin ahal izan zituzten. Halako tamainako olatuetan birak egitea zaila izateaz gain, ikusgarria ere bada; izan ere, olatuaren momentu zailenean taula ipini eta biratzeak ur asko kanporatzen du.

Slater vs Medina

Oztopoak oztopo, finalera belaunaldi berriko lehiakide bat iritsi zen, Gabriel Medina, eta berriz ere belaunaldien arteko talka irudikatu ahal izan zen finalean. Medina ongi aritu zen, baina Slaterrek erraz menderatu zuen esperientzia handia eskatzen zuten olatuetan.

Hasieratik gailendu zen Slater; bi olatu hartu eta 18,16 puntu bildu zituen. Hortik aurrera hori gainditu ahal izateko olatu bikain baten zain egon besterik ez zuen egin behar. Ez zen bestelako olaturik etorri, baina Medinak ezin izan zituen Slaterrek bildutako puntuak gainditu. Olatu bikain bat egin zuen, baina bakarra, eta guztira, soilik 10,87 puntu bildu ahal izan zituen.

Slater pozarren zegoen, baina ez irabazi zuelako bakarrik, baita olatuak bikainak izan zirelako ere: «Denok lehiatzen gara irabazteko, noski, eta horrela, batzuek irabazi egiten dute eta besteek galdu, baina olatuak, gaurkoan bezala, onak direnean, denok gaude pozik».

Medina, berriz, honakoa adierazi zuen: «Gustura nago. Emaitzei dagokienez, ez dut emaitza onena lortu, baina olatuak oso onak izan dira aste osoan zehar eta asko gozatu ahal izan dut. Bidaia ederra izan dela esan dezaket. Bestalde, Slater zoriondu behar dut, bai finalean bai txapelketa osoan bikain aritu baita».

Slaterrek txapel honekin, bere ibilbideko 49. munduko txapelketa irabazi du eta egun rankingeko bigarren postuan dago.

Rankingeko buru, Mick Fanning australiarrak jarraitzen du, eta Medinak, berriz, azken emaitza honi esker 29. postutik 13. postura igotzea lortu du.

Zirkuituko hurrengo txapelketa Tahitin izango da. Teahupoo izango da lehiakideek menderatu beharko duten olatua. Olatu beldurgarria. Abuztuaren 16 eta 27 bitartean izango da, eta Tahitin ere, itsaski handi bat sartzen bada, ikuskizuna ziurra izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo