GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Dave Winchesterrek Brasilen irabazi du eta rankingean buru jarri da

p046_f02_97x80.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA |

Bodyboard modalitateko lehen mailako itzuliak bere horretan jarraitzen du. Dave Winchesterrek azken bi txapelketak irabazi ditu eta rankingeko lehen postua eskuratu du.

Grand Slam Series itzulia, goi mailako itzulia alegia, denera zortzi txapelketak osatzen dute aurten, eta bertan iaz puntu gehien jaso zituzten 24 lehiakideek bakarrik har dezakete parte. Esaterako, horien artean da go Alex Uranga zumaiarra.

Itzuliko azken proba Brasilen izan zen, Rio de Janeiron; Itacoatira Pro. Ekainaren 15ean amaitu zen proba Dave Winchester australiarrak irabazi zuen. Lehiakide honek azken bi txapelketak irabazi ditu, Brasilen egin berri dutena eta joan den hilean Txilen egin zutena. Aurrez Pipeline (Hawaii) eta Margaret Riverren (Australia) egindako txapelketetan hirugarren postua lortu zuen. Gauzak honela, egun rankingeko lehen postuan dago Winchester.

Txapelketak iraun zuen artean metro eta erdiko olatu politak izan ziren. Alex Uranga zumaiarra gogor lehiatu zen eta pixkanaka txandetan aurrera zihoan, baina final zortzirenetan aurkari gogorra izan zuen, Guilherme Tamega brasildarra hain zuzen ere, eta oso alde txikiagatik izan bazen ere, ez zuen hura garaitzea lortu. Tamegak guztira 15,23 puntu bildu zituen; zumaiarrak, ostera, 14,7. Hortaz, puntu erdiko tarte txikiarekin irabazi zuen txanda brasildarrak. Tamegak beraz, aurrera egin zuen eta finalean Winchesterren kontra lehiatzen izan zen, baina ez zuen australiarra garaitzea lortu.

Momentu honetan Uranga rankingeko 16. postuan dago eta gainontzeko lehiakideek bezala, begiak hurrengo txapelketan jarriak ditu dagoeneko. Itzuliko hurrengo geldialdia abuztuko lehenengo astean izango da Mexikon, Zicatelan. Mexikon olatuak oso indartsuak dira eta itsaskiak ere sarri izaten dira; beraz, baldintza egokiak izan daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo