GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Wild Blue

SURFLARI ERNEGATUA I

Dagoeneko inor gutxi oroitzen da Zarautzen egitekoak ziren olatu artifizial hartaz. Inor gutxi oroitzen da, 2007ko apirilean Tolosan edo 2008ko uztailean Leioan aurkeztu zituzten antzeko proiektu kolosal haietaz.

Bere momentuan, hauteskunde garaian, jendearen arreta bereganatzeko balio izan zuen albistea izan zen zenbaitentzat, baina egun, zertan da proiektu txatxu hura?

Zarauzko Udalak, metro erdiko olatu bat, oso ona izanda ere, metro erdiko olatu eskas bat dela ulertu du, eta tamainako proiektua, enpresa pribatu baten ekimena izateaz gain, astakeria bat dela ere ikusi du; beraz proiektuarekin aurrera ez egitea erabaki du. Eskerrak.

Olatuak sortzen dituen igerileku artifizial bat zer den jakin nahi duzue? Eduardo Galeanok ezin hobeki deskribatzen du, bere «Azul Salbaje» testuan. Hona hemen olerkiaren itzulpena.

«Ortzi hau ez da inoiz lainotzen, hemen ez du inoiz euririk egiten. Itsaso honetan inork ez du itotzeko arriskurik, hondartza honetan ez da lapurretarik izaten. Ez da hozka egiten duen marmokarik, ezta sastatzen duen itsas trikurik, eta ezta eltxo gogaikarririk ere. Airea, beti tenperatura berean, eta ura, klimatizatua, ez dago hotzeri edo biriketako bat hartzeko arriskurik. Moilako ur zikinek hemengo gardentasuna amesten dute; futitzen da aire orbangabe hau, hirietan jendeak arnasten duen pozoiaz.

Sarrera, ez da garestia, hogeita hamar dolar pertsonako, nahiz eta besaulkiak eta itzalkinak aparte ordaindu behar diren. Interneten irakur daiteke: «Zure seme-alabek gorrotatuko zaituzte, eramaten ez badituzu...». Wild Blue, Yokohamako hondartza, beirazko hormen artean estalita. Japoniar industriaren maisulan bat. Olatuek, motor eragileek emandako altuera daukate. Eguzki elektronikoa, enpresak nahi duenean irten eta sartzen da, eta bezeroei, egunsenti tropikal liluragarriak, nahiz palmondo gibelean ezkutatzen diren ilunabar gorriak eskaintzen dizkiete.

«Artifiziala da», dio bisitari batek. «Horregatik maite dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo