GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Giza-proba I Gipuzkoako Txapelketa

Orioko eta Urretxuko taldeek lortu dute herrialdeko finala jokatzeko txartela

p036_f02_097x096.jpg

J.L. I

Oriok eta Urretxuk lortu zuten atzo Urretxun Gipuzkoako Txapelketako finala jokatzeko txartela. Ikusmin handia zegoen lehen kanporaketarako, eta zaleek ez zuten hutsik egin, jende asko batu baitzen ikustera.

Orio izan zen atzoko kanporaketako talderik onena, 49 plaza egin ostean. Horrekin finala jokatzeko txartela ziurtatu zuen. Bigarren, berriz, herriko taldea sailkatu zen, eta honek ere ez zuen batere lan txarra egin, 47 plaza egin baitzituen.

Hirugarren geratzen zen taldeak finalera zuzenean sailkatzeko aukera galtzen zuen, baina ez zen esku hutsik geratzen; izan ere, uztailaren 31n jokatuko den bigarren kanporaketan parte hartzeko aukera zuen. Zizurkil geratu zen hirugarren postu horretan 38 plazarekin, eta orain beste kanporaketa bat gainditu beharko du finalean izan nahi badu.

Villabonan jokatuko da azkeneko kanporaketa, eta handik ere bi onenak sailkatuko dira. Zizurkilekin batera, Aitzondo eta Berrobi neurtuko dira. Bost taldek eman dute izena aurtengo txapelketan aritzeko, baina Gipuzkoan giza-proban ari diren taldeak dezente gehiago dira. Ea datorren urterako aurten parte hartu ez dutenak ere lehiatzera animatzen diren.

Larunbat gauean, berriz, desafio eder bat jokatu zen Errezilen, bertako eta Bidaniko taldearen artean. Han ere sekulako jendetza batu zen eta azkenean Errezilek irabazi zuen. Hemen 1.100 kiloko harria erabili zuten, eta 39 plaza egin zituen irabazleak, 35 pasa, berriz, Bidanikoek. Biek oso lan ona egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo