Oskar Goñi eta Jon Garmendia, «Txuria» I Errugbizale euskaldunak
Aberriaren mugak EITBrenak
Hainbatek Barakaldotik hurbilago sentitzen ditu Albacete eta Huelva Miarritze baino. To, eguneroko kirol errealitatearen errelatoa
Lehenik eta behin, egungo Euskal Herrian EITB-ren eragina goraipatu behar dugu. Ikus-entzule kopuruaz, hedapenaz eta bertze, euskaraz eta euskararen alde eragilerik indartsuenetako bat dela erratera ausartuko gara. Honek berak bulkatzen gaitu kritikotasunerat. Alegia, baliabide gehiago duenari eskatu behar baitzaio gehien.
«Aberriaren mugak, euskararenak, gure baitan daude gehienak» zioen Joxerra Gartziaren hitz zorrotzak. Hizkuntzarena garrantzitsuena izanik, badira ordea, Aberriaren mugak egunero marrazten duten bertzelakoak. Egunero bizi dugun errealitatea zeinek eta nola konta berealdiko garrantzia baitu. Elortza eta Iturriagak kantatzen duten bezala «errealitatea ez baita fikzio konpartitua baizik».
Adibidetxo bat: maiatzaren 18an, ortzirala, gaueko 11etako albistegia Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuaren adierazpenek ireki zuten Euskadi Irratian. Ohiko albistegia zirudien. Ohikotasun horrek, ordea, amorrarazi gintuen; izan ere, minutu batzuk lehenago Miarritzeko errugbi taldeak BOk Europa mailako lehiaketa bat irabazia baitzuen, laster olinpikoa izanen den hirian, Twickenhamen. Irratia itzali eta frantziar telebistan, frantsesez derrigor, jarraitu genuen gure errugbi taldearen balentria. Frantziar telebistaren ikuspuntutik, baitezpada, frantziar taldearena zen notizia.
Amorruz bizi izan genuen enegarren bazterketa. Lehenik, ikusten baitugu sekulako aldea dagoela errugbiari eskaintzen zaion tartearen eta futbola, txirrindularitza edo pilotak hartzen dutenaren artean. Europako Challengearen garaipenaren bezperan (ortzeguna 17) EITBko ikus-entzuleok ez genekien Miarritzek finala jokatuko zuenik ere.
Dena den, ez genuke nahi errugbia politikarien makulu bihurtzeko adina famatzea. Europe Leagueren finala edo Espainiako Errege Kopa, zor publikoa ezkutatzeko edo «Bateragune auziaren» sententzia bigarren lerrora bidaltzeko erabiltzen direnean zalekeriak zaletasunari gaina hartzen baitio. Zorionez, dena ez da hain eskasa, EITBn gauzak aldatzen ari dira errugbiarekiko. Azken boladan espainiar Estatuko ohorezko ligako partiduak ikus baitaitezke ETB-3 edo ETB-Kn. (Nafarroan ezin ditugu ikusi, alderdi bertsuak egon arren, bi gobernuetan ez baitira ados jartzen). Nolanahi ere den, errugbizaleok eskertu behar dugu Gernika, Getxo, Hernani eta bereziki Ordiziak egindakoen berri zuzena eman izana.
Zaleok, ordea, badakigu Bizkaian edo Gipuzkoan dagoen mailatik aise goitiago dagoela Iparraldeko hiru probintzietan, zeinetan errugbiak milaka federatu eta hamarka mila zale mugitzen dituen astebururo. Horrek, ordea, ez du EITBn arreta handirik merezi. Miarritzeren edo Baionaren eskutik ikurrinaren enbaxadore garenean edo «Txoriak Txori» Europako kirol zelaietan euskal kantarik ezagunena bilakatzen dugunean, aipamen bat edo bertze kasurik onenean. Honek guztiak galdera bat pausatzen digu: ez al du Miarritzek guttienez Ordiziak adinako jarraipenik merezi?
Horra bazterketa nagusia: Nork erabakitzen du Biarritz Olympique mapatik ia-ia ezabatzea, eguraldiaren mapan ekialdeko lurraldeak desagerrarazi nahi zituzten gisa berean?
Maiatzaren 18an Miarritzek egindakoak minutu gutiago hartu ditu EITBn Espainiako bigarren mailako edozein futbol taldek astero hartzen duena baino. Hainbatek Barakaldotik hurbilago sentitzen ditu Albacete eta Huelva Miarritze baino. To, eguneroko kirol errealitatearen errelatoa. Mendebaldeko euskaldunek ekialdeko euskaldunak baztertzean, inposatu zatiketa administratiboaren lubakia handitzen duzue eta oraindik bizirik dagoen Euskal Herriaren sentimendua ikus-entzuleen begietatik gordetzen.
Europarzaletasuna, elkartasuna, elkarkidetza, merkatu berriak (ikus-entzule eta publizitateen aldetik), aniztasuna, aukeren maximizazio... Hainbertze agintari ttattardunei aditzen diegun baloreek ez dute balio Euskal Herri osoa agertuko bada.
Hau guztia kazetarien erruz gertatzen dela pentsatzea inozokeria litzateke. Administrazio kontseiluetako kideek eta zuzendaritza karguetan ari direnek azalpenak eman beharko lituzkete. Hipotetikoan ari gara jakina, erantzun arrazoidunik aditzeko esperantza ere galduxea baitugu.
Ez gaitu harritzen gero, aste batzuk lehenago, eusko Jaurlaritzak medioetara igorritako oharrean Dominika Etxarti, Niko Etxarten aitari, «Nikoren ama» deitzea. Diru publikoekin elkarri bizkarra emanda bizitzerat kondenatzen baikaituzte. Halakoek kargua uztea ekarriko lukete bertze herrialdeetan. Hemen ordea, karta joko iruzurtietan, espainiar erara irabazitako hauteskundeen emaitzaz ditugu agintari, beraien ezgaitasunean harro. Lotsaman- garria benetan.