Batera(ezin)
Ekainaren erdialdean gaudenez gero, familia asko hasita dago haurrek oporrak hartzen dituztenean bizimodua nola antolatu erabakitzen. Haurrei behar bezalako arreta eman ahal izateko, nork bere lana egiten jarraitzeari utzi barik, denboraren kudeaketarako plangintzak egiten.
Asko hitz egiten da familia eta lana adiskidetzeko edo bateragarri egiteko neurriei buruz; asko hitz egiten da, gero eta gehiago, familia bateko langileak jada ez direlako gizonak soilik, emakumeok ere lan-merkatuko subjektu garelako, nahiz eta oraindik ere lan prekarioagoak, soldata txikiagoak, baldintza zorrotzagoak pairatu. Hala ere, merkatuan egon bagaude, eta ez muturra agertuta soilik, baizik eta barruraino sartuta, berdintasuna lanean ere egiazkoa izateko borrokan, gainera; alegia, emakumeak produktibitatean, etxetik kanpoko jardunean, herrialdeen garapen eta arrakastan, lekua izateko eskubidearen errealitatean atzerapausorik ez dagoela argi erakutsita.
Hain zuzen, hori jotzen da familietan gero eta ohikoagoa den hutsune arazo horren iturritzat, gure papera etxeko eremuaz harago hedatu dela. Ez da horren arraroa «emakumeek dena nahi duzue, lan ona, profesionalki arrakasta izan, burujabetza ekonomikoa, baina ez duzue mugarik onartzen, familia ere nahi duzuelako, eta ama onak izan, eta haurrekin egon... eta dena ezin da» bezalako adierazpenak entzutea, arazoa guk geuk sortzen diogula gure buruari esateko, grina hori handiegi datorkigula adierazteko. Ez da horren arraroa, eta gaiari aurre egiteko abiapuntua eta neurriak ikusirik, ideia horren gaurkotasuna ezin da zalantzan jarri.
Izan ere, bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri egiteko neurriak emakumeoi zuzentzen zaizkigu, emakumeok gara horiei heltzen diegunak; agian emakume izate hutsagatik harago; hau da, berezkotzat jotzen delako emakumearen ardura dela etxeko gauzak behar bezala izatea, horretarako gaitasuna inork ez baitu zalantzan jartzen, baldintza guztiek horretara behartzen gaituztelako. Hasteko, lan kaxkarragoa sakrifikatzeak zentzu handiagoa duelako, ekonomikoki indartsuenari eutsita, hots, gizonarenari. Bigarrenik, sozialki oraindik okerrago dagoelako ikusia gizona arduratzea gauza horietaz, emakumearen esku utzita familiaren sostengua, gizonei oro har gehiago kostatzen zaielako egoera horretan burua tente eramatea. Azkenik, enpresetan-eta ez direlako gauza horiez kezkatzen, langileen bizimodu pribatuaz, are gutxiago emakume langileak babestu eta laguntzeaz. Besteak beste, enpresaburuek arazo horiek izaten ez dituztelako.
Gogoan dut iazko kasu bat: enpresa batek behartu egin zuen gizon bat bere bikoteak, emazteak, ezin zuela jaioberria zaindu frogatzera, lanaldi-murrizketari heltzeko eskubidea egikaritu ahal izateko. Nik dakidala, legean, neurriek ez dute genero baldintzarik, inon ez dago idatzita familiek aurrera egin ahal izateko emakumeak izan behar duela gakoa. Baina norberaren inguruneari begiratu baino ez dago ikusteko, ekainaren erdialdean, nork daraman arazoa kopetan idatzita. Eta zer nolako jarrera dagoen konponbide kudeatzaileen artean.