Aldaketa sozial eta politikoaren aldeko konpromisoa
LABek atzo Barañainen abiarazi zuen kongresua une arras garrantzitsuan gertatu da. Une garrantzitsua munduan eta, bereziki, Euskal Herrian. Izan ere, ia berrogei urtean herri honetako eragile nagusietakoa izatera iritsi den sindikatuak datozen urteotako lan ildoa finkatu behar du langileak eta gizarteko sektore gehienak neoliberalismoaren aspaldiko erasorik bortitzena jasaten ari direnean. Une garrantzitsua, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak esan zuenez, urteotan gertatzen dena erabakigarria izango baita. Eta garrantzitsua, halaber, Euskal Herriak bizi duen aro berria dela eta. Sindikatu horretako idazkari nagusi ohi eta «Bateragune auziko» preso Rafa Diezek VIII. Biltzar honetan irakurri zuten gutunean laburbildu zuen momentuko garrantzi hori: «Hemendik aurrera pultsua eraikin berria altxatu nahi dutenen eta iraganera lotzen direnen artekoa izango da». Etxaidek duela lau urteko konpromisoari jarraipena emateko asmoa berretsi zuen, sindikatuen eta oro har herritarren konpromisoa inoiz baino beharrezkoagoa denean, aldaketa sozial eta politikoaren premia inoiz baino argiago ageri denean. LABek 38 urteko eskarmentua du langileen eta Euskal Herriaren zerbitzuan eta, akatsak akats, haren lanaren ordaina gero eta euskal herritar gehiagoren konfiantza izan da; hartara, erantzukizun handia du une zail honetan. Alabaina, hari eusteko gauza dela erakutsia du.